"Probatuz gero, eskubaloiak harrapatu egiten zaitu"

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 7a

Futbola, saskibaloia eta errugbia erreferentziazko kirolak diren herrian, badago isilean eta etengabeko lanari eskerrak apurka hazten dabilen beste talde bat ere: Ibaizabal eskubaloi kluba. Emakumeen proiektuari eskerrak sortu zen kluba, eta gaur egun harrobia indartzen eta kirola ikastetxeetara zabaltzen jarraitzen du. Ariane Bikandi Arrazola (Durango, 2004) emakumeen talde nagusiko jokalaria da. 

Eskubaloia ez da kirolik ezagunena inguruotan, baina, hala ere, urterik urtera hazten zabiltzate. Zelan lortzen da hori?
Lan handiaren emaitza da. Nesketan hiru talde ditugu: senior mailakoa, gazteena eta kadeteena. Mutiletan kadeteen taldea dugu. Jesuitak ikastetxean haur kategoriako eta kimu mailako taldeak ditugu. Pozik gaude. Futbola, saskibaloia eta errugbia Durangon kirol ezagunak diren moduan, eskubaloia ez da asko ikusten hemen. Ez da Bilbo inguruan legez. Han jokalari eta talde dezente dagoenez, kalean ikusten den kirola da. Hemen, ikastetxeetara joaten gara kirola ezagutaraztera. Lanketa bat egiten dugu eskubaloia umeengana heldu dadin. Eskualdean eskubaloiko talde bi baino ez daude; Durangoko Ibaizabalez gainera, Elorrion beste bat dago. Elkar ezagutzen dugu eta denboraldiaurrean lagunarteko partidu bat jokatu genuen Durangon. Hartu-emanak sendotzeko balio digu.  

Gainera, zuen kasuan garrantzitsua da nabarmentzea lehenengo emakumeen taldea sortu zela, eta ondoren heldu zela mutilena. Normalean alderantziz gertatzen da. 
Harro gaude eta jende askoren lanagaitik izan da posible. Urte askoan jende askok egin duen lanagaitik da Ibaizabal gaur egun dena, eta hori azpimarratu gura nuke.

Zelan hasi zinen eskubaloian eta zerk erakarri zintuen?
Umetan, Jesuitetan nenbilela, saskibaloia zen gehien ikusten nuen kirola. Bederatzi urtegaz eskubaloia probatzeko aukera izan nuen eta hasieratik asko erakarri ninduen. Kirol arina da, indarra eta teknika ere behar da… Oso kirol konpletoa eta desberdina dela uste dut. 

Hegalean jokatzen duzu. Zeintzuk dohain behar ditu postu horretako jokalari batek?
Dohain bereziak eskatzen dituen postua da. Bazterretik leku gutxi dugu gola sartzeko. Beraz, hegaleko jokalariak oso salto indartsua izan behar du. Baita erabakiak oso denbora gutxian hartzeko gaitasuna ere. Asko entrenatuta lortzen den dohaina da. Apur bat instintiboa ere bada.

Zelako taldea zarete?
Garaieran ligako talderik txikienetarikoa gara. Horri aurre egiteko, azken urteetan joko azkarraren aldeko apustua egiten gabiltza. Horixe da ondoen funtzionatu digun jokamoldea. Handiak eta astunak diren taldeen kontra, korrika egiten ahalegintzen gara, betiere burua erabilita; hau da, jokoari abiadura noiz eman eta noiz estatikoan jokatu jakinda. 

Zertan aldatu da emakumeen eskubaloia zu hasi zinenetik hona?
Ni hasi nintzenean, nire adineko oso neska gutxi zebilen eskubaloian. Orain neska gehiago dabil, ligako talde kopuruari begiratzea besterik ez dago. Kadeteetan 27 talde daude multzo bitan banatuta. Talde asko dira, ni hasi nintzenean baino askoz gehiago. Kostatzen den arren, apurka tokia egiten gabiltzala esango nuke. 

Bizkaiko ligan, hamasei jardunaldi joan direnean, sailkapenaren erditik behera zabiltzate. Zeintzuk ziren denboraldi hasierako helburuak?
Denboraldia espero baino askoz okerrago doa. Lesio asko izan dugu, nik neuk tarteko. Oraintsu arte hamar jokalari bakarrik izan gara eta hori eragozpen handia da. Partidu onak jokatu ditugu, gorputza mugaraino eramanda, baina azken minutuetan asko nabaritu dugu jokalari falta. Orain jokalari berri bi batu dira taldera, eta lesionatuta egon garenok ere apurka bueltatzen gabiltza. Aldea igarriko dugula uste dut, onerako.

Lesionatuta egon zarela esan duzu. Zelan zaude?
Jokalari bat belaun gainera jausi zitzaidan eta belauneko barneko albo-lotailua bihurritu nuen. Hilabetez guztiz geldirik egon nintzen eta beste hilabete bat errehabilitazioan. Hiru bat hilabete eman ditut kantxetatik kanpora eta oraintsu bueltatu naiz. Belaun berean hainbat lesio izan dut eta apurka erritmoa eta konfiantza hartzen nabil. 

Harrobiko entrenatzailea ere bazara. Gustuko duzun jarduera da?
Aurten kadeteak entrenatzen nabil, oso pozik. Irakatsi ez ezik ikasi egiten dut. Entrenatzaile aritzeak eskubaloia beste modu batera ikusteko aukera eskaintzen dit. Beste perspektiba bat da, eta nik nire jokoan aplikatzeko baliagarria. 

Zeintzuk erronka ditu Ibaizabalek epe ertainera begira?
Lanean jarraitu behar dugu, kirola ezagutarazteko. Probatuz gero, eskubaloiak harrapatu egiten zaitu. Horregaitik, kuriositatea duten denak kirol hau probatzera gonbidatzen ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!