Enaren ibilbideari buruz gehiago jakiteko aukera, Alpino-Tabirak antolatutako hitzaldian

Anboto 2026ko martxoaren 5a

Emakume askok Pirinioetan egiten zuten migrazio-bideari buruzko azalpenak emango dituzte datorren asteko eguenean. 

Alpino Tabira mendi taldeak prest ditu martxoko ekimenak. Egitarau zabalaren barruan Enaren ibilbideak izeneko hitzaldia antolatu dute martxoaren 11n, 19:00etan, mendi klubaren Durangoko egoitzan. Ana Gartzia eta Arantza Altube izango dira hizlariak.

Enaren ibilbidea XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte emakume askok Pirinioetan egiten zuten migrazio-bidea izan zen. Mendiak zeharkatzen zituzten alpargata fabriketan lan egiteko. Enaren ibilbidea legez ezagutzen da, udazkenean joan eta udaberrian bueltatzen zirelako, enarak bezala.

Hainbat irteera

Alpino Tabira mendi klubaren martxoko egitaraua hainbat irteerek osatzen dute. Zapatuan, martxoak 7, Legarmendi inguruak zeharkatuko dituzte AEKren Mendilagun programa oinarri hartuta.

Martxoaren 14tik 15era mendi-eski ikastaroa egingo dute Belaguan, eta Bizkaiko Biraren hurrengo etapa Balmaseda inguruan. Ekimen bietarako izen-ematea gaur hasiko da.

Egun batzuk aurrerago, martxoaren 22an, Rudroneko arroila (Burgos) ezagutzera joango dira. Hilea Anbotoko magalak ezagututa amaituko dute, Besaide taldekoekin batera (hilak 28).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!