Durangoko Udalak 11 zebrabideren argiztapena eta seinaleztapena hobetuko ditu

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 4a

Lanak martxoan gauzatuko dira 150.936 euroko inbertsioarekin.

Durangoko Udalak 11 zebrabideren argiztapena eta seinaleztapena hobetzeko lana egingo ditu martxoan, ohar batean informatu duenez. Zehazki Madalenako biribilgunetik Frai Juan Zumarraga eta Alluitz lotzen dituen biribilguneraino egingo dira hobekuntza lanak. Era berean, Olleriako zebrabide batean eta Alluitz eta Sasikoa kaleen arteko biribilgunean kokatutako beste bitan ere esku hartuko da. Ikusgarritasuna hobetzea eta segurtasuna indartzea dira helburuak.

Jarduketa horretarako aurrekontua 150.936 eurokoa da, eta lanak martxoan zehar egitea aurreikusten da. 

Gogoratu dutenez, abenduan proba bat egin zen Astxikiko zebrabidean, eta argi balizak jarri ziren lurrean. "Esku-hartze pilotu horri esker, haren iraunkortasuna ebaluatu ahal izango da, eta, emaitza onak eskainiz gero, sistema hori Durangoko beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera aztertu ahal izango da", azaldu dute udaletik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!