[BIDEOA] Eiser-Hirumet taldeko Haritz Azurmendik Zumaiako Saria lasterketa irabazi du

Anboto 2026ko martxoaren 2a

Euskaldun Torneoko lehenenpo proba zenez, liderraren elastikoa jantzi du.

Durangaldeko Eiser-Hirumet taldean dabilen Haritz Felix Azurmendi lezamarrak indartsu hasi du denboraldia. Zumaia Saria irabazi du asteburuan eta Euskaldun Torneoko lehenengo proba zenez, liderraren elastikoa jantzi du.

Lasterketa irabazteko modua ikusgarria izan da. Helmugatik 200 bat metrora gertatu den eroriko batek zatitu egin du tropela. Azurmendi bigarren multzoan geratu da. Azken metroetan aurretik zihoazenak harrapatu eta, errepidearen ertzetik, aurreratu egin ditu. Zentimetro gutxi batzuengatik lortu du garaipena. Eiser-Hirumetek taldekako saria ere lortu du.

Azurmendik garaipen bat baino gehiago du ziklo-krosean eta mendi bizikletan, baina asteburuko horixe da errepidean lortu duen aurrenekoa. "Azken urteetan saiatzen eta hurbil egon gara eta azkenean aurten heldu da. Oso pozik nago", adierazi du Eiser-Hirumet taldeko ziklistak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!