Indarkeria matxistaren eztabaidan adineko emakumeak kanpoan geratzen direla uste duzu? Hau da, zure ustez, baztertu egiten dira?
Historian zehar, bai indarkeria matxistari dagokionez, eta baita bestelako indarkeria motei dagokienez ere, ez ditugu ikusten adineko emakumeak. Kriminologiari dagokionez, biktimarik gazteenak izaten dira interesgarrienak, nerabeak eta emakumeak. Hortaz, arlo honetan baztertuta geratzen dira. Horrez gainera, gizartearen aldetik ere gauza bera gertatzen da. Komunikabideetan biktimarik gazteenak agertzen dira, agerikoenak direnak, eta imajinario kolektiboan ere gauza bera gertatzen da. Biktimaren irudia emakume gazte edo nerabeekin lotzen da. Beraz, nire ustez, hau adinkeria mota bat besterik ez da. Estereotipo asko dugu eurei buruz, eta uste dugu adineko emakumeak tratu txarren biktimak baino ez direla, eta ez dugu euren irudia bestelako indarkerietan ikusten, genero indarkerian zein sexu indarkerian, adibidez. Eta, ondorioz, bai, baztertu egiten ditugula esan daiteke.
Adineko emakumeek jasaten duten biolentzia matxistak baditu ezaugarri bereizgarri edo konkretu batzuk?
Bai. Biktima bereziak dira, bai adinagaitik eta baita adinagaz lotuta dagoen sozializazioagaitik ere. Orokorrean, euren errealitatea ezkutukoagoa da. Gizartean ez dira hain agerikoak, eta horrek ezkutatu egiten du euren errealitatea. Bestalde, sozializazioagaitik ez dute pentsatzen biktimak direnik. Eurentzat egoera hori normala da, normala dela uste dute, eta ez dute euren egoera kontatzen edo salatzen. Desberdintasun edo ezaugarri horiek oso ohikoak dira kasu hauetan, baina guk ez ditugu ikusten. Beraz, zer gertatzen da beste biktimekin konparatuta? Genero indarkeriaren kasu zehatz hauetan, emakumeengan, indarkeria oso kronifikatuta dago, eta osasun fisiko zein psikologikoa oso hondatuta dute. Horrez gainera, ohikoa da dependentzia ekonomikoa izatea, etxean lan egiten dutelako, eta, beraz, askoz gatxago dute etxetik alde egitea. Independentzia ekonomiko hori ez izatera, beste etxebizitza bat lortzeko edo bizitza euren kabuz egiteko aukera askoz ere gatxagoa da. Hori dela eta, gehienek bikote bizitzagaz jarraitzea erabakitzen dute. Normalean, horrela izaten da eurak edo euren senarrak hil arte. Beste biktimekin hau ez da gertatzen. Honenbestez, esandako ezaugarri horien ondorioz zaurgarritasun handiagoko egoeran daudela esan daiteke.
Ezaugarri horiek zaildu egiten dute indarkeria mota hau detektatzea.
Bai. Oso garrantzitsua da, eta kontuan hartu beharrekoa, kasu batzuetan biktimek eurek onartu egiten dituztela horiek guztiak. Bikote hartu-emanean eta familian ezer ez esateko joera dute, isiltzeko joera, eta, ondorioz, emakume horiek normalizatu egiten dute egoera hori. Ez dute kontatzen, eta, beraz, ez dute salatzen, eta horrela ez da batere erraza detektatzea. Arlo honetan lan egiten dugunok ere ez dugu argi izaten biktimak diren ala ez. Sarritan, urte askoan egoten dira horrelako egoeretan, eta guztiz normaltzat hartzen dituzte horrelakoak. Egoera horiei gizartean dagoen adinkeria gehituz gero, oraindino gatxagoa da detektatu ahal iatea. Beraz, nahiko gatx da kasu horiek sufritzen dituzten emakumeekin lan egitea.
Badago baliabiderik indarkeria matxista mota honi aurre egiteko?
Bai, gizartean badaude baliabideak edo errekurtsoak, baina batzuetan ez daude prest emakume hauen beharrizan konkretu edo bereziei erantzun egokia emateko. Izan ere, normalean ez ditugu ezagutzen euren lana eta euren beharrizanak. Baliabide batzuk badaude egon, baina ez emakume hauek erabiltzeko moduan. Horrez gainera, badaude irtenbide batzuk sinpleak ez direnak. Berba egiterakoan, errazak diruditen konponbideak daude, baina gero oso gatx da horiek praktikan ipintzea. Horietariko bi aipatuko nituzke. Alde batetik, emakume horien errealitatea ezagutu behar da. Adibidez, zu egiten zabiltzana orain, nigaz gai honi buruz berba egitea, gero gai honi buruz idazteko. Hau oso ona da errealitate horiek ezagutarazteko. Adinkeria alde batera utzi eta euren egoerari buruz sentsibilizatzeko aukera ona da. Ikerketak ere badaude, baita komunikabideetako kanpainak ere. Eta, kasu honetan, Durangon emango dudan hitzaldia. Bestalde, oso garrantzitsua da adineko emakumeekin lan profesionaletik harago ere lan egitea; oso garrantzitsua da euren sinesmen edo balioak ulertzea. Normalean, zer egiten dugu adinkeria dela eta? Adineko emakumeei zer egin behar duten esaten diegu, baina ez diegu entzuten ea zer gura duten edo zer behar duten. Horregaitik, oso garrantzitsua da euren prozesuan laguntzea eta euren espazio eta erritmoak errespetatzea. Horrez gainera, prozesu horietan emakumeen eta adinekoen elkarteek duten garrantzia aipatu gura nuke; oso espazio egokiak dira haiek libre sentitzeko eta bizi duten errealitatea normala ez dela jakiteko.
Dena dela, azpimarratu gura nuke egoera aldatzen dabilela, poliki bada ere, eta hori ere islatu behar dela. Dena ez da izan behar kexa. Orain urte batzuk, Emakundek kanpaina bat egin zuen biktima hauek ere existitzen direla plazaratzeko, eta berbaldiak eta halako ekimenak ekarpen ona dira arazoa bistaratzeko.