Durangoko Euskotren Winter Series zesta-punta txapelketaren laugarren aldia orain arteko handiena izango da. Lau bikote izatetik sei bikote izatera pasatu da eta, ondorioz, jardunaldi bat gehiago izango du. Sei bikote horietatik bi, finalerdietan sartuko dira zuzenean, tartean Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi, iazko txapeldunak. Iaz txapela jantzita, etxean irabazi beharraren presioa gainetik kendu zuela adierazi du Barrenetxeak gaurko aurkezpenean. Ildo horretatik aurten "txapelketa on bat egitea" gura du, txapela buruan duela.
Txapelketa martxoaren 2an hasiko da final-laurdenekin; hurrengo bi astelehenetan finalerdiak jokatuko dira eta finala martxoaren 23an da. Ezkurdi Jai Alaiko finalerdiak eta finalak ETBn eskainiko dituzte.
Jai Alai Leagueko egungo txapelduna den Elaia Gogenolak finalerdietan hasiko du txapelketa, Eneritz Lizardi lagun duela. Atzelari mutrikuarrak Winterreko bi edizio galdu ditu lesio larri batengatik. Aurtengoa, ezustekorik ezean, osorik leihatuko duen lehen Jai Alai League-a izango da Lizardirentzat eta Durangokoa, Ligarako puntugarria den bere lehen Euskotren Winter Seriesa.
Gainerako leihakideak Maite Ortiz de Mendibil, Oaia Otaño, Ihart Arakistain, Maia Goikoetxea —Ligako txapelduna, Elaiarekin batera—, Erika Mugartegi, Frida Watkins, Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal dira.
Sarrerak eta bonoak eskuragarri daude www.eramanjaialai.com webgunean.
Gizonetan Gorka Mugartegiren debuta
Emakumeen Winter Seriesarekin batera, gizonezkoen txapelketa ere jokatuko da; aurtengo honetan, banaka beharrean binaka. Jai Alai League denboraldiko 6. proba puntuagarria izango da eta honako bikoteek parte hartuko dute: Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika.
Gorka Mugartegi 'Atain' gazte markinarrak bere debuta egingo du Ligako pilotari titular moduan. Hemendik aurrera eta Daniako denboraldia bukatuta, Eraman! enpresarekin jokatuko du martxoaren 19an 22 urte beteko dituen atzelariak.
Mikel Mancisidor 'Manci'ren kasuan, atzelari gipuzkoarra Ezkurdin berragertuko da. Abenduaz geroztik geldirik egon da, abdomeneko lesio baten erruz.
MARTXOAK 2, 19:00, final-laurdenak
- Maite Ortiz de Mendibil-Oaia Otaño / Ihart Arakistain-Maia Goikoetxea
- Erika Mugartegi-Frida Watkins / Lur Lejardi-Maialen Aldazabal
MARTXOAK 9, 19:00, finalerdiak
- Elaia Gogenola-Eneritz Lizardi / (Erika-Frida edo Lur-Maialen)
- Erkiaga-Atain / Laduche-Manci
MARTXOAK 16, 19:00, finalerdiak
- Helena Barrentxea-Arai Lejardi / (Erika-Frida edo Lur-Maialen)
- Olharan-Zabala / Urreisti-Lekerika
MARTXOAK 23, 19:00
- Finalak