Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak merkatua dinamizatzeko hitzarmena sinatu dute

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 24a

Dastaketak, produktuen aurkezpenak, sukaldaritza tailerrak, errezetak, antzerkia eta artisautza saioak eskaini gura dituzte. Itunak urtebeteko iraupena du, eta 80.000 euroko aurrekontua. Udalak eta Jaurlaritzak erdibana finantzatuko dituzte ekintzok. 

Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dute herriko merkatu plaza biziberritzeko. Datozen hamabi hilabeteetan, askotariko ekintzak antolatu gura dituzte bertan, merkatua "salmenta gune izatetik herritarren elkargune izatera igarotzeko" eta "erreferentzialtasuna irabazteko". Hori horrela, merkatuan bertan dastaketak, produktuen aurkezpenak, umeentzako eta gazteentzako sukaldaritza tailerrak, hezkuntza-errezetak, kultur ekitaldiak eta artisautza saioak antolatuko dituzte udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Batak eta besteak berrogei milana euro ipini dituzte ekintzok antolatzeko. 80.000 euro, guztira. 

Mireia Elkoroiribe alkateak nabarmendu duenez, "aliantza estrategikoa" da udalak eta Eusko Jaurlaritzak adostu dutena, "merkatua urte osoan zehar biziaraztea" ahalbidetuko duena. "Jendea erakarri gura dugu, eta garai bateko erreferentzialtasuna berreskuratu", gaineratu du alkateak. Halaber, programak zapatuetako merkatuari, baserritarren azokari, eragingo diola ere argitu du. Raimundo Ruiz de Escudero HAZI fundazioko zuzendariak ere ildo beretik egin du berba. Merkatuek sozializazioan jokatzen duten rola goraipatu du, eta azpimarratu du Durangoko Udalaren akordioak leiho berri bat irekiko duela "jasangarritasunerako" eta lehen sektoreko beharginen "duintasuna" bultzatzeko.

Elkoroiribek aurreratu du martxoan emango dituztela dinamizazio ekintzen berri, egitaraua zarratzen dabiltza-eta momentu honetan. Era berean, oraindik merkatuko lokaletako batzuk hutsik daudela eta, lehiaketa publikora aurkeztu diren dendarien berri emango dute laster. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!