Indarkeria digitalari buruz eztabaidatzeko saioak Zugazan, 'Adolescence' telesaila ardatz

E.H. 2026ko otsailaren 24a

Andereak elkarteak Zine Forum Feminista antolatu du 'Adolescence' (Nerabezaroa) telesail britainiarra oinarri. Martxoaren 14an egingo dute zikloa, Zugazan, txanda bitan, goizez eta arratsaldez. 

Andereak elkarteak matxismoari eta indarkeria digitalari buruzkoak aztertuko ditu Zine Forum Feminista batean. Britainia Handiko telesail bat hartuko dute horretarako: Adolescence (Nerabezaroa), eta kontakizunean ageri direnak aletuko dituzte Estibaliz Linares genero-alborapenetan eta ziberindarkeria matxistetan adituarekin. Elkarteak beharrezkotzat jo du gaia lantzea, gazteei errealitate horrek "geroago eta gehiago" eragiten dielakoan: "Jazarpen digitala, kosifikazioa, gorroto-diskurtsoak" eta nerabeentzako foro, sare sozialetan ageri diren jarrera matxistak aipatu dituzte ezaugarrien artean. "Elkarrizketarako gune bat sortu nahi dugu, non gurasoek, irakasleek eta gazteek indarkeria horiek ezagutu, haien irismena definitu eta kolektiboki nola aurre egin pentsatu ahal izango duten", azaldu dute Andereak elkarteko kideek.

Zine Forum Feminista martxoaren 14an izango da, zapatua, Zugaza zineman. Saio bi  izango ditu, goizez eta arratsaldez: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Sarrera doakoa da. Txartelak proiekzio egunean bertan jaso behar dira 10:30etatik aurrera, lehiatilan.

Era berean, Andereak elkarteak bazkari partekatu batean izena emateko aukera zabaldu du. Palentinoan egingo dute. Izena emateko, nahikoa da 634457833 telefono zenbakian izena ematea. Bazkariak 22 euro balio du. 

Sinopsia

‘Adolescencia’ britainiar drama bat da, gelakide bat hiltzeaz akusatutako 13 urteko haur baten kasutik abiatuta, egungo gai sozial eta psikologiko batzuk aztertzen dituena: sare sozialen eta kultura digitalaren eragina gazteen identitatean eta jokabidean, online erradikalizazioa, misoginia eta maskulinitate toxikoa. Bakardadea, gizarte-presioa eta osasun mentaleko zailtasunak ere lantzen ditu, baita dinamika horiek familian duten eragina eta familian duten komunikazio falta ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!