Itaiak Euskal Herriko hainbat eskualdetan egingo ditu Martxoaren 8ko mobilizazioak, eta Durangon egingo du, hain zuzen ere, eskualdeko manifestazioa. Antolakundearen berbetan, "emakume langileen zapalkuntza mantendu egin da, eta faxismoaren eta matxismoaren zabalpenak horretan sakondu du azken urteetan". Hori dela eta, Itaiak "beharrezkoa" deritzo "emakume langileen interesak defendatuko dituen proposamen iraultzaile bat eraikitzea. Emakume langileok jasaten dugun indarkeria matxistaren, esplotazio ekonomikoaren eta emakumeen eskubideen alde kaleak hartzera deitzen dugu".
Hori dela eta, Durangon egingo dute eskualdeko mobilizazioa. Manifestazioa Martxoaren 8an izango da, 13:00etan, Santa Anatik hasita. Halaber, Euskal Herriko Itaiak bere lehenengo kongresua egin du duela gutxi, eta egunotan horri buruzko azalpenak eskaini dituzte Elorrion eta Durangon. "Emakume langileon askapenerako erronkez aritu gara, eta gure proposamena azaldu dugu", zehaztu dute antolakundeko kideek.
Era berean, Sarrigurengo hilketa matxista salatu dute. "Indarkeria matxistaren aurpegi gogor eta lazgarrienak argi uzten du antolakuntzarako beharra", adierazi du Durangaldeko Itaiak.