Lapurretek eta iruzurrek % 10 eta % 28 egin dute behera hurrenez hurren, 2024tik 2025era. Alabaina, borrokengatiko lesio parteak bikoiztu egin dira, 19 izatetik 40ra. Josune Escota segurtasun zinegotziak azaldu duenez, igoera hori udaltzaingoaren "lan proaktiboari" zor zaio, lehen Ertzaintzak izapidetzen zituen kasu asko orain tokiko poliziak egiten dituelako. Atxiloketa kopuruan ere igarri da hori: 6 izan ziren 2024an eta 31 iaz.
Bestalde, "delitu joera berriak" identifikatu ditu udalak: jabetza lagapenei edo usurpazioei loturikoak. 2024an ez zuten halako kasurik erregstratu. Iaz, baina, 16 izan ziren. Trafikoari dagokionez, istripu kopurua jaitsi den arren, gora egin dute biktimadun istripuek. Alde horretatik, patinete elektrikoek eta bizikletek eragiten dute kezkarik handiena, horiekin loturiko gertakariak ia bikoiztu egin dira eta.
2025a zenbakitan
- Udaltzaingoaren esku hartzeak: 6.140 (6.617 izan ziren 2024an)
- Atxilotuak: 31 (6 izan ziren 2024an)
- Ikertutako pertsonak: 79 (56 izan ziren 2024an)
Josune Escotak udaltzainen profesionaltasuna eskertu du eta berretsi du Durangoren segurtasun-eredua prebentzioan, Ertzaintzarekiko koordinazioan eta baliabideen etengabeko hobekuntzan oinarritzen dela.