Zergaitik Walter Benjamin?
Gauza askori buruz idatzi duelako izan dut Benjaminen berri, baita argazkilaritzari buruz ere. Hortaz, bere irudiak beti sortu dit interesa. Zelan hil zen ere jakin nuen, eta, Girona aldetik oporretan nengoela, autoz Portboura joan nintzen. Ingurua eta bere monumentua ikusterakoan, maitemindu egin nintzen; ez bakarrik Walter Benjaminen irudiaz, baita inguru hartaz ere. Apartamentu bat hartu, eta hamar egunean izan nintzen inguruetan. Antonio Machado ere han inguruan hil zen. Hura ere bidaia bat egiten zebilen, urtebeteko aldeagaz. Handik hurbil dago Argeles-sur-mer kontzentrazio esparrua. Horren ondoren, gehiago irakurtzen hasi nintzen, eta baita idazten ere.
Liburuak bidaia-koaderno itxura du.
Neure denbora hartu behar izan dut forma hori emateko, informazio eta argazki asko neukan eta. Azkenean, gertatukoa bizi izan nuen moduan kontatzea erabaki nuen, irtenbiderik logikoena iruditu zitzaidan eta. Eta horrela okurritu zitzaidan bidaia-koadernoarena. Marsellan hasten den bidaia bat da, Benjaminena legez, eta Lisboan amaitzen da. Eta apurka-apurka joan naiz idazten. Baina asko kostatu zait. Nik, gainera, nahiko astiro idazten dut, errespetu handia ematen dit. Baina argi ikusten nuen argazkiekin bakarrik ezin nuela kontatu nik gura nuen istorioa.
Erosoago sentitzen zinen horrela?
Erosoago baino gehiago, hala izatea behar nuen. Esango nuke testurik barik ez zela ulertuko. Bestalde, aipu mordoa ere sartu dut, berak ere horrela idazten zuelako. Uste dut horrek aberastu egiten duela liburua. Liburuaren ardatza nire bidaia da; zati hori irakurri dezakezu bakarrik, edota argazki eta aipuekin beste bat irakurri. Irakurtzeko maila desberdinak daude.
Aspaldiko bidaiaren trazan hasten da, baina gaur egungoa ere bada, aldi berean.
Bai, liburuan faxismo aurreko garaiak agertzen dira, Walter Benjaminek berak ondo ezagutu zituenak, otsoari belarriak ikusi eta Frantziara joan zen eta. Hannah Arendt-en laguna ere izan zen, eta bera ere agertzen da liburuan. Garai hartako hainbat gauza irakurri dut, eta askotan hotzikarak sentitzen nituen, 'egunkaria irakurtzen ari naizela dirudi!'. Fase batzuk betetzen joan zirela ikusi nuen, eta badakigu gero zelan amaitu zen dena: gerra, faxismoa. Beharbada, historia ez da berdin-berdin errepikatzen. Esango nuke denok irakurri beharko genukeela nazismoak zelan egin zuen gora garai hartako Alemanian, zer ez egin jakiteko. Alde horretatik, gogoeta hau egiten dut: 'Garai hartan egin zuten berdina egiten gabiltza. Zelan da posible?'. Garai hartan legez, beharbada ez dugu jakingo zelan desaktibatu, zer ez den egin behar. Baliteke hori ezinezkoa izatea, ziklo historiko bat da eta ez dago beste zereginik, gainditu arte borrokatzea baino ez. Baina berdin jokatuz gero, berdina gertatuko da, hori argi dago. Idazterakoan, sentimendu horiek pizten zaizkit. Hausnartu egin beharko genuke.
Sentimendu horiek idazketa baldintzatu dizute?
Ez dakit 'eragin' berba egokia den kasu honetan, nik neuk bilatu dudan tonua ere izan delako.
Gaur egun horrelakoak kaleratzea erresistentzia ekintza dira?
Ba, seguru asko bai. Asko esatea da beharbada, baina gauza ederrak sortzen ahalegintzen jarraitu behar dugu. Horregaz bakarrik ez goaz inora, hori badakit, ez naiz inozoa. Musikak eta kulturak ez dute mundua salbatuko, baina hobetu bai. Gizakiok egiten dugun onenetarikoa dira. Horrez gainera, baten batek liburuagaz gozatzen badu, ongi etorria izan dadila. Egia esanda, zeozer sortzeko beharra ere banuen, eta nik jasotakoa gainerakoei kontatzekoa ere bai.
Liburua mimoz eginda dago.
Bai, lan mordoa ekarri dit, baina gustura geratu naiz. Pentsa, ale bakoitza banan-banan egindakoa da. Ez da etekin ekonomikoa ateratzeko modurik onena, baina niri horrela irteten zaizkit gauzak.
Zuk ere saltzen dituzu.
Bai, lehenengo edizioa ia amaitu dut. Pentsatuko dut bigarrena atera edo ez. Ez da erraza, sekulako lana hartu dut eta. Noctis Photo argitaletxeagaz kaleratu dut, argazkilari kolektiboagaz. Interesa duenak photosol@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake eskaerak egiteko. Liburua 25 euroan dago salgai, bidalketa gastuak aparte.