Maialen Bilbaok (Durango, 1997) bi-hiru urte zeramatzan Durangon frontenis txapelketa bat antolatu guran, eta nahi hori errealitate bihurtuko du laster. Bere ekimenez, eta Durangoko Pelotazale Klubaren laguntzagaz, binakako frontenis txapelketa antolatu du martxoaren 28rako eta 29rako. Txapelketa Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jokatuko da.
Inguruan kirol ezaguna ez denez, frontenisa ezagutaraztea da helburua, batez ere emakumeen frontenisa. Maila bi egongo dira: emakumeena eta mistoa. Izen ematea martxan da eta 689 024 635 telefonora deituta edo WhatsAppera idatzita egin daiteke (30 euro bikoteko).
Orain arte izena emandakoetatik gehienak kanpokoak dira (Logroño, Zaragoza, Salamanca), eta, tartean, Espainiako txapelketan aritutako bikoteren bat dago. Bilbaok eskualdeko jokalariak parte hartzera gonbidatu ditu. "Ni ere horrela hasi nintzen, txapelketetan parte hartzen, eta asko ikasten da. Gainera, jendea ezagutzen duzu", esan du. Martxoaren 28an txapelketa mistoa jokatuko da, egun osoan zehar, eta hurrengo egunean emakumeena. Bilbao orain bost bat urte hasi zen txapelketak jokatzen, eta gaur egun maila handian dabil. 2025ean kluben arteko Espainiako binakako txapelketa irabazi zuen, Ana Garciagaz.