Durangoko Elkartegiak Kontzilia Sarearen urteroko topaketa hartu du

M.Z. 2026ko otsailaren 18a

Kontzilia Sarearen urteroko topaketa egin dute gaur Durangon. Bertan, kontziliazioan erreferente diren Euskadiko 32 enpresa eta kooperatiba batu dira. 

2022az geroztik Kontzilia Sareak kontziliazio erantzukidearen aldeko apustua egiten duten tamaina eta sektore guztietako enpresak eta kooperatibak biltzen ditu. Gaur Kontzilia Sarearen urteroko topaketa egin dute Durangon eta bertan zortzi enpresa (Urgatzi, Suspertu S.L., Gasteiz On, Lantegi Batuak, Gurutze Gorria, Suspergintza, AVIFES eta EDE Fundazioa) sarera batu dira. Egun 43k osatzen dute komunitatea. 

Horrez gain, gaur Durangoko Elkartegian egindako ekimenean jardunbide egokiak partekatu dituzte, lana eta familia uztartzearen orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta egin dute eta enpresen lehiakortasunari zuzendaritzaren eta langileen arteko erantzukidetasunak egiten dion ekarpena azpimarratu dute. 

“Gaur ez gatoz kontziliazioaz hitz egitera bakarrik. Kontziliazio hori aurrera eramateko kudeaketaz, ohitura bihurtzeko moduez, antolaketan txertatzeko aukerez edo kontziliazioa neurtzeko abantailez berba egitera etorri gara. Kontziliazioak aurrera egingo du benetan emakumeen kontua izateari uzten dionean eta partekatutako konpromiso bihurtzen denean. Eta bide horretan, urrats bakoitzak berebiziko balioa dauka. Kontzilia Sarea osatzen duzuenei eskerrak eman nahi dizkizuet. Izan ere, kontziliazioarekin ados egotea ez da nahikoa; egitea, inertziak berrikustea, probatzea, neurtzea, zuzentzea... eta berriz saiatzea beharrezkoak dira” adierazi du Xabier Legarreta sailburuordeak Elkartegian egindako ekitaldian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!