Landakoko aldagela mistoa arautu dute "erabiltzaile guztien erosotasuna bermatzeko"

E.H. 2026ko otsailaren 17a

Udalak adierazi du "deserosotasun egoerak" sortu direla erabiltzaileen artean, "batez ere umeak dituzten familietan". Hori dela eta, "antolaketa argiagoa eta orekatuagoa" ezarri dute.

Durangoko Udalak Landakoko kiroldegiko aldagela mistoa arautu du herritarren kezkak jaso ondoren. Orain arte, aldagela mistoa adingabeak dituzten familiek, eskola taldeek eta norbanakoek erabili dute, baina eremu hori "askotariko kolektiboek" erabiltzen dutela ikusita eta "erregulazio espezifikorik" ez dagoela ikusita, udalak aldagela arautu du "egoera deserosoak" ekiditeko eta "erabiltzaile guztien erosotasuna bermatzeko". 

Udalak adierazi du ikastetxeek "zalantzak" agertu dituztela espazioaren esklusibotasunari dagokionez, antza, "gainbegiratze zailtasunak" daudelako beren erabilera orduetan. Halaber, erabiltzaile indibidualek aldagela noiz erabili dezaketen jakiteko "informazio argirik" ez dutela adierazi dute.

Udalak egoeraren diagnostikoa egin du, eta ondorioztatu du "arazoaren jatorria ez dela soilik erabiltzaileen portaera, baizik eta arau definiturik, seinaleztapen egokirik eta jarduera protokolorik ez" egotea.

Hori guztia dela eta, antolaketa berri bat ezarriko dute ordutegien eta erabiltzaile motaren arabera:

  • Eskola-taldeak: Lehentasuna izango dute aldez aurretik erreserbatutako orduetan.

  • Igeriketa-ikastaroak: Adingabeei eta haien familiei emango zaie lehentasuna ikastaroen orduetan.

  • Asteburuak: Familia-giroa nagusi denez, adingabeak dituzten familiek izango dute lehentasuna, "pribatutasuna eta lasaitasuna" izan dezaten.

  • Gainerako orduak: Goiko lehentasunek eragiten ez duten tarteetan, edozein erabiltzailek erabili ahal izango du aldagela mistoa.

Durangoko Udalak azaldu du jarraibide horiek Babesgune programako aditu baten oniritzia izan dutela. "Adituak modu positiboan baloratu du proposamena, eta azpimarratu du ondo landuta eta behar bezala oinarrituta dagoela. Halaber, adierazi du aldagela mistoetan pertsona helduak eta adingabeak batera egoteak arriskutsuak izan daitezkeen egoerak sor ditzakeela, eta horiek protokolo espezifikoen, espazioen berrantolaketaren eta komunikazio neurrien bidez berriz ebaluatu eta kudeatu behar direla".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!