Durangoko EAJk 15 neurri proposatu ditu udalerrian "etxebizitza eskuragarria bermatzeko"

E.H. 2026ko otsailaren 16a

Durangoko EAJren ekitaldi bat 2023ko hauteskundeetan. ARTXIBOA

Babes publikoko etxebizitzak eraikitzea, hutsik daudenak birgaitzea eta belaunaldien arteko bizitoki publikoa sortzea daude neurrien artean, baita lonjak eta bulegoak etxebizitza bihurtzeko proposamena ere. 

Durangoko EAJk 15 neurri proposatu ditu "gazteen etxebizitza eskubidearen alde" eta bizimodua "udalerrian garatzeko eskubidearen alde". Jeltzaleen berbetan, "negoziaezina" da udalerrian etxebizitza duina izateko aukera, "herrian bizi eta hazi nahi duten belaunaldi gazteentzat bereziki". Hori horrela, eskubide hori "erakunde guztiek" bermatu behar dutela iritzi diote.

Izan ere, Euskal Soziometroaren estatistikak aipatuta, EAJk "arazo larrienetako" modura kokatu du etxebizitza: "durangarren % 15,3k dio etxebizitza dela beren komunitaeari eragiten dion arazo nagusia". Jeltzaleek hamalau puntutan jaso dute egoerari irtenbidea emateko proposamena.

Neurriak

Neurrietako bat etxebizitzaren aldeko ituna egitea da. EAJk udalerriko talde politiko guztiei eskaini gura die "etxebizitza politika bateratua egiteko ituna". Halaber, hitzarmen bat sinatu gura du Eusko Jaurlaritzarekin, babes publikoko etxebizitzak "lankidetzan" eraikitzeko. Zuzkidura bizitokiei dagokienez, belaunaldien arteko etxebizitza parke publikoa sustatu gura dute, eta etxebizitza gaietarako bulegoa sortzea.

Etxebizitza hutsak direla eta, horiek alokairuan jartzeko asmoa iragarri du EAJk. "Informazio eta kontzientziazio kanpaina" egin gura dute, baita etxebizitza hutsei errekargua ezarri ere, Ondasunen eta Higiezinen Zerga % 75 igota, betiere, etxea "bi urte baino gehiagoan modu iraunkor eta justifikatu gabean okupatzen" ez bada. Era berean, dirulaguntza lerroak sortu nahi ditu etxebizitza hutsak birgaitzeko. 

Jeltzaleen beste proposamenetako bat lonjak eta bulegoak etxebizitza bihurtu ahal izatea da, eta gazteen emantzipaziorako udal laguntzen deialdia berrikustea. Etxebizitza turistikoei dagokienez, azterlan bat egingo dute horiek identifikatzeko eta prebenitzeko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!