ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: "Jaialdiko jendeak egiten du eder 40 Minutu Rock"

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 15a

"Familia handi bat". 40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileek kidetza hori sentitzen dute urteetako lan boluntarioaren ondoren. ANBOTO hiru kidegaz batu da jaialdia ospatzeko aste baten faltan: Asier Angulok sukaldeko ardura izango du, Andrea Aragon azpiegitura lanez arduratuko da, eta Martin Arrasatek artisten kamerinoak kudeatuko ditu. Eurekin batera, eskualdeko beste 50 boluntario dabiltza astero-astero lanean, festibalean ezertxo ere falta ez dadin.  

Aurtengoa 40 Minutu Rocken hamargarren urteurrena izango da. Zein da festibalaren osasuna data seinalatu horretan? 
Asier Angulo: Galdera potoloa da, hausnarketa eskatzen duena. Esango nuke jaialdiaren osasuna beti egongo dela lotuta herrigintzan lan egiteko prest dagoen jende kopuruari. Gaur egun ez da erraza lan boluntarioa egiten duen jende multzo handia topatzea, eta iruditzen zaigu urtero lortzen dugula hori. Talde antolatzaile sendo bat dagoen bitartean, boluntarioak lanerako prest dauden bitartean, 40 Minutu Rock osasuntsu egongo da. 

Zein da hamar urte hauen balantzea? 
Andrea Aragon: Balantze positiboa egiten dugu. Iruditzen zait erreferentzialtasuna lortu dugula, eta gaur egun horrelako zeozer lortzea ez dela erraza. Era berean, ipinitako helburuak betetzen joan gara. Batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Baina urtero izan dugu Etxerati zein Harrera elkarteari gure ekarpena egiteko aukera. Aurten ere, aurreko edizioetako helburuari eutsiko diogu. Aldarrikatzeko gune bat eskainiko dugu, eta egindako bideari errekonozimendua egingo diogu. 

Izan ere, jaialdiak euskal presoen eskubideekiko elkartasuna du oinarri.
Martin Arrasate: 2018an 300 euskal preso, deportatu eta iheslari zeuden, eta gaur egun 100 pasatxo. Hamar urte hauetan egoera hobetu egin da, baina errealitatea ez da horren ideala. Izan ere, kalera irten edo Euskal Herrira etorri direnak errealitate berri bat dute orain: gizarteratzeko beharrizana. Askok bizitza berri bat hasten dute, eta behar berriak dituzte: ikasketak, gidabaimena, etxebizitza, arreta psikologikoa... Horrenbestez, gertatzen dabiltzan kaleratze eta hurbilketa prozesuetan beharrezkoa da bizi baldintza duinak bermatzea. Hori lortu gura dugu, hain zuzen ere, Harrera elkartearen bitartez. Eginbide horretan kokatzen dugu 40 Minutu Rock. 

Zein nobedade izango du aurtengo jaialdiak?
Andrea Aragon: Plateruena gure egingo dugu asteburu oso batez. Horixe izango da nobedade nagusia. Hamargarren edizioa izanda, zeozer berezia egin gura genuen, eta, horregaitik, datorren barikuan ekitaldia eta Ruper Ordorika izango ditugu. Izan ere, iazko edizioan Fermin Muguruzak kontzertua bertan emateak sentsazio positiboa utzi zigun. Bestalde, aurten lehenengoz, ez dugu karparik ipiniko Landako Guneari atxikita. Plateruena eremu handiagoa da, eta nostalgiko samarrak ere bagarenez, ideia polita iruditu zitzaigun antzokia jaialdiko gunea izatea. Horrenbestez, Plateruenak bere egitarau propioa izango du aurten, karpak orain arte izan duen moduan.

Festibalera joateko zalantzan dabilenari, zer esan? 
Asier Angulo: Landako Gunean ez dago beste jaialdietako su artifizialik edo ikuskizun erraldoirik. Baina bakoitzak bere sentituko du jaialdia; azken batean, jendeak egiten duelako eder jaialdia. Horren parte sentitzea ederra da. Beraz, horren parte izatera gonbidatzen dugu jendea, eta babesten ditugun ideiak, haienak ere badirenak, adieraztera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!