Ingeniaritza informatikoan doktore zara. Zein da zure lana?
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakaslea eta ikerlaria naiz, eta gaur egun Erakunde Harremanetako eta Komunikazioko dekanordea. Lehen mailako ikasleekin lan egiten dut, etorkizuneko ingeniariak hezten. Bestalde, ikerketaren arloan, pentsamendu konputazionala gazteengan zelan garatzen den aztertzen dut, baita STEAM hezkuntza-programek duten eragina ere. Horrez gainera, egunerokoan ahalegin berezia egiten dut zientziagazko eta teknologiagazko interesa pizteko, batez ere nesken artean. Funtsezkoa da erreferenteak sortzea eta estereotipoak apurtzea.
Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Zelan ikusten dituzu halako egunak?
Ezinbestekoak dira, gizarte modura oraindino konpondu barik dugun erronka bat mahai gainean ipintzen dutelako. Egutegian data hauek kokatzeak aukera ematen digu ikusarazteko emakumeek eta neskek zientzian duten presentzia ez dela oraindino bidezkoa, eta horretan lanean jarraitu behar dugula. Hala ere, oso argi dut aldaketa ez dela egun bakar batean gertatzen. Urte osoko lana behar du; hezkuntzan, erreferenteak sortzen, jarrerak zaintzen eta keinu txikietan aukera berdintasuna bermatzen.
Inoiz sentitu duzu ez zaituztela aintzat hartu zientzialari emakumea izateagaitik?
Bai, inoiz izan dut halako sentsazioa. Batzuetan pentsatu izan dut gizona izan banintz ziurrenik serioago hartuko nindutela, nire iritziari arreta handiagoa eskainiko ziotela edo nire erabakiak gutxiago ipiniko zirela zalantzan. Ez dira beti egoera agerikoak edo esplizituak izaten, askotan oso sotilak dira. Horregaitik da hain garrantzitsua egoera horiek identifikatzea eta kontzientzia lantzea.
Zein erronka dago aurretik?
Gure lana hor dago, baina ez da behar adina aitortzen edo behar den moduan kontatzen. Emakumeen presentzia zientzian, teknologian eta ardurazko postuetan normalizatzea ezinbesteko pausoa da aukera berdintasuna benetakoa izan dadin.
Erronka horiek aldatu egiten dira zientzia esparruaren arabera?
Sektore industrialetan maskulinizazioa askoz ere handiagoa da, eta horrek emakumeentzat lan ingurune gatxagoak sortzen ditu batzuetan. Horrek eragin zuzena du sartzeko aukeretan eta ibilbidea garatzeko moduan. Ikerketaren esparruan ere badaude berezitasunak: ibilbide profesionalaren logikak hartu-emanak, helburuak eta lan dinamikak baldintzatzen ditu, eta ez da beti lankidetza saritzen. Uste dut beharrezkoa dela arrakastaren kontzeptua berrikustea. Produktibitateagaz, diruagaz edo botereagaz lotu barik, eraikuntza sozial hori deseraiki eta ikuspegi zabalago eta humanistago bat proposatu beharko genuke.
Zer iruditu zaizu Durangoko dendetan egiten ari diren kanpaina?
Ohore handia da kanpainaren parte izatea. Egia esanda, poz handiz hartu nuen proposamena. Elhuyarregaz hartu-eman estua dut aspaldidanik. Urte asko daramatzagu elkar ezagutzen, elkarlanean, eta, horregaitik, ilusio bereziz hartu nuen deia. Horrelako ekimenek zientzia gizartera hurbiltzeko eta erreferenteak ikusarazteko balio dute.
Zer esango zenieke zientzia arloren batean lan egin gura dutenei?
Esango nieke zientziaren eta teknologiaren arloak benetan liluragarriak direla: erronkaz beterik daude, etengabe ikasten da. Gainera, gizartearentzat oso beharrezkoak eta garrantzitsuak diren esparruak dira. Jakin-mina badute eta gauzak hobetu gura badituzte, bide horiek aukera paregabea eskaintzen dute.