Bihar zabalduko dute San Faustoko alokairu sozialeko 16 etxebizitzetan izena emateko epea

E.H. 2026ko otsailaren 9a

Logela bateko eta biko etxebizitzak daude aukeran. Undatorre kaleko 8. atarian eta Jesus Maria Pedrosa kaleko 7. zenbakian daude. 

Durangarrek zabalik daukate San Faustoko 16 udal-etxebizitzetan alokairua eskatzeko aukera. Eskabideak egiteko epea bihar zabalduko dute, otsailak 10, eta martxoaren 9ra arte egongo da zabalik. Etxebizitzak Undatorre kaleko 8. zenbakian eta Jesus Maria Pedrosa kaleko 7. zenbakian daude. Bizitokiek logela bat edo bi dituzte (41-63 m²), eta kasu batzuetan baita trastelekua edo aparkalekua ere. Durangoko Udalak azaldu du alokairuaren prezioa esleipendunen diru-sarreren arabera egokituko dutela. Izan ere, udalak herritarrei, eta berezibiko kolektibo kalteberei, erraztu gura die etxebizitza duin eta eskuragarria.

Eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte:

  • Jabetzan, gozamenean edo azalera-eskubidean etxebizitzarik ez edukitzea.
  • Azken 8 urteetan gutxienez 2 urtez Durangon erroldatuta egon izana.
  • Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan izena emanda izatea, alokairuko modalitatean.
  • Udalarekin zorrik ez izatea.
  • Diru-sarrerei dagokienez, 9.000 eta 46.463,29 euro arteko mugak ezarri dira, etxebizitzaren tamainaren eta bizikidetza-unitatearen arabera.

Esleitzeko irizpideak:

Udalak honako ezaugarri hauek hartuko ditu kontuan eskaerak baloratzeko: diru-sarrerak, bizikideen kopurua, premia berezia duten kolektiboetako kide izatea (genero-indarkeriaren biktimak, desgaitasuna duten pertsonak, guraso bakarreko familiak edo 4 kide arteko familia ugariak, eta beste kolektibo kaltebera batzuk), eta Eskatzaileen Erregistroko antzinatasuna.

Etxebizitzak talde hauen arabera esleituko dituzte:

  • 8 etxebizitza 35 urtetik beherako gazteentzat
  • 2 etxebizitza desgaitasuna duten pertsonentzat (egokitu gabeak)
  • 2 etxebizitza 70 urtetik gorakoentzat
  • 2 etxebizitza guraso bakarreko familientzat
  • 2 etxebizitza genero-indarkeriaren biktimentzat

Oinarriak, eskatutako dokumentazioa eta inprimakiak www.durango.eus webgunean daude eskuragarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!