'Laika' 2018an estreinatu zenuten. Urte dezente dira biran jarraitzeko.
Gaur egun lau ikuskizun ditugu martxan; hiru aretoetan antzezteko dira, eta laugarrena kaleko antzerkia da. Kalekoak 25 urte ditu, eta aretoetarako batek 22. Beraz, alde batetik, arraroa da Laika lanagaz zazpigarren denboraldian egotea, eta bestetik, ez. Konpainian neu arduratzen naiz promozio eta banaketa lanez, eta ikuskizunen bizitza ahalik eta gehien luzatzea da nire apustua, bai denboran, eta baita leku aldetik ere. Merkatua ez da infinitua, baina handia bai; beraz, ikuskizun batek benetan funtzionatzen badu, ez da zertan urtebetera edo bira amaitu. Bestalde, konpainia modura, sorkuntza fasean asko kostatzen zaigu motorrak martxan ipintzea istorio berriak idazterako orduan. Zorionez, merkatuak ez gaitu baldintzatzen eta ez daukagu beharrizanik urte birik behin obra berri bat sortzeko. Astiro lan egiten dugu, baina betiere egonezin artistikoak edo kontatzeko istorio bat edukitzeak mugiarazi gaitu.
Laika obraren sortze prozesua urte bikoa izan zen, adibidez. Hustu egiten gara horrelako prozesu bakoitzean. Horrez gainera, emanaldi asko izaten dugu eta horrek ez du aukera askorik uzten sorkuntzarako. Gurearen moduko konpainia txiki eta independenteetan hori ohikoa da; edo sortzen ari zara edo biran zaude, baina oso gatx da biak bateratzea.
Obra berri bat sortzerakoan, zer lehenesten duzue hasieran, egonezin artistiko hori ala istorioa, zer kontatu?
Ikuskizun bakoitzak abiatze desberdina du. Lehenengo ideia edo hazi bat dugu, eta hortik aurrera ez dugu metodo zehatzik. Laika lanaren kasuan, adibidez, irudi bat izan zen. Laika bera espazioan zela Lurrari zelan begiratzen zion. Irudi hori oso poetikoa iruditu zitzaigun, indartsua. Eta gainerakoa gero dator. Horren atzean gehiegikeria istorio bat dago, manipulazioa, zelan harremantzen garen animaliekin, edota kontu filosofikoagoak. Hori ez dugu mahai baten bueltan erabakitzen; istorioa landu ahala gauzak gehitzen ditugu. Papirus lanean, adibidez, ez genuen esan 'goazen gerrari buruz berba egitera'. Ez dugu marko teoriko bat erabiltzen abiapuntu legez. Jolasagaz hasi eta hortik garatzen dugu gainerakoa. Jolasa diot, baina, esan dudan moduan, hustu egiten gaituen prozesua da; ez da ez erraza, ez atsegina. Erditze moduko bat da, eta ia bizia uzten dugu prozesuan. Egon ez garen lekuak bisitatzen ditugu, eta egin ez ditugunak egin. Adibidez, Laika lanak txakurra txotxongiloa izatea eskatzen zigun; ez gara inoiz txotxongilotan aritu, baina konpondu gara eta txotxongilo jaialdietatik ere deitu digute aurkezpenak egiteko, pentsa. Horrek egiten du interesgarri gure lana.
1985ean sortu zenuten konpainia. Hori izan daiteke gako bat gaur egunera arte heltzeko?
Ez dakit zelan eutsi diogun hainbeste urtez. Baneki! Hainbat faktorek eragiten dute. Esango nuke astunak eta tematiak garelako iraun dugula hainbeste urtean. Aurreko batean Timothy Chalamet aktoreari entzun nion esaten berak ez duela ezezko bat jasotzea onartzen. Gaur egun, ikuskizunen munduan ekina izatea ezinbestekoa da, ezezkoz beterik dagoen mundua delako. Guri, adibidez, Bartzelonan beti ezetz esaten digute. Baina horrek ez du esan gura etsi egingo dugunik. Lanean jarraituko dugu, berdin.
Ibilbide osoan zehar familia guztiarentzako antzerkia egin duzue. Gaur egun, serioago hartzen da antzerki mota hori?
Aita, semea edo iloba naizen aldetik, baietz diotsut. Geroago eta begirada begirunezkoagoa dago umeekiko. Diren modukoak ikusten dira eta programatzaileek ere kontuan hartzen dituzte. Baina asko dago egiteko oraindino. Bigarren mailako antzerkitzat hartzen da, eta ekonomikoki beste modu batera tratatzen gaituzte. Baina gurago dut alde positibotik begiratu. Batzuetan, baina, sentsazioa dut guraso batzuk pasatu egiten direla; ikuskizun batzuetan, dagokien baino adin txikiagokoak ikusten ditut, eta hori ere ez zait egokia iruditzen. Beharbada, haur horientzat gurasoekin etxeko sofan jolasten egotea litzateke egokiagoa, edo naturan egotea. Batzuetan, umeak kulturizatzeko nahi edo behar bat dago, eta kasu askotan ez da egokiena umeentzat. Hala ere, aurrerapausoak ematen gabiltzala esango nuke, egiteko asko dagoen arren oraindino. Gu askotan joaten gara Frantziara, eta aldea handia dela konturatu gara. Danimarkara ere joaten gara, eta han ere beste begirada bat dutela igarri dugu, helduagoa, errespetuzkoagoa.