Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek abenduan eta urtarrilean iraungitako txerto jakin batzuk erabiltzeagatik detektatutako osasun-gorabeheraren inguruko egungo egoeraren berri eman du gaur goizean prentsaurrekoan, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. Sailburuak azaldu duenez, egoera "bideratuta" dago jada, eta eraginpean egon litezkeen pertsonen hasierako kopurua "era esanguratsuan" murriztu da.
Sailburuak egoeraren berri eman du. Hartara, iraungitako txerto hexabalentearen inokulazioari lotuta detektatutako kasu guztietan deiak egin dira, hitzordua jarri da, historia klinikoa eta txertaketa-kartilla kontrastatu dira, eta, kasu gehienetan, txertaketa berriak egin dira. Azkenean, 23 pertsona txertatu dituzte berriz: 18 adingabe eta 5 heldu.
Gaineratu duenez, kontrastatzeko dauden beste 29 pertsonen kasuak egiaztatzen ari dira, baina horrek ez du esan nahi guztiei berriz ere txertoa jarri behar zaienik. Izan ere, kasu askotan "erregistro informatikoko akatsak" izan dira, egun hauetan egiaztatu dutenez.
Landakoko anbulategia
Alberto Martinez sailburuak iraungitako txertoen gorabehera gehien jaso dituzten osasun-zentroen berri eman du. Sailburuak zehaztu duenez, hasiera batean eraginpean hartutako ESIak 12 zirela aipatu zen, baina "berrikuspen xehatuak" erakutsi du kasuak "bakanak" direla eta gorabehera batez ere zentro jakin batzuetan gertatu dela. Gorabeherarik handiena Donostialdeko ESIko Iztietako (Errenteria), Ondarretako (Donostia) eta Usurbilgo osasun-zentroek eta Barrualde Galdakaoko ESIko San Migeleko (Basauri) eta Landakoko (Durango) osasun-zentroek izan dute. "Gaur esan dezakegu egoera aldatu egin dela, kasuen kopurua eta hasierako dispertsioa murriztu eta mugatu egin direla, eta osasun-gorabehera bideratuta dagoela", azaldu du sailburuak.