Durangoko dendek emakume zientzialarien ekarpenekin dekoratuko dituzte erakusleihoak

E.H. 2026ko otsailaren 2a

Gaurtik otsailaren 15era arte, emakume zientzialariei buruzko kartelak, ilustrazioak, panelak eta apaingarriak ipiniko dituzte ikusgai establezimenduetako erakusleihoetan. 20 komertzio batu dira egitasmora. Otsailaren 11n Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko eguna da. 

Durangoko kaleetan zehar ibiltzen denak emakume zientzialariei buruzko kartelak, ilustrazioak, panelak eta apaingarriak ikusiko ditu herriko establezimenduetan, gaurtik otsailaren 15era arte. Dendak Baik, Udalak eta Elhuyarrek Otsailaren 11ko erakusleihoak kanpaina ipini dute martxan, hain zuzen ere, otsailaren 11 Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko eguna delako. Egitasmoagaz, emakumeek zientzian eta teknologian egindako lana aitortu gura dute, baita emakume erreferenteak sortu ere. 

Udalerriko 20 establezimendu batu dira egitasmora, eta saltoki bakoitzak emakume zientzialari bati buruzko informazioa eskainiko du. Zientzialarietako bat Mari Luz Guenaga Gomez dago, informatika-ingeniaria eta Kurutziaga ikastolako lehendakaria. 

Ginkana ere bai

Udal iturriek iragarri dutenez, Durangoko ikastetxeek ginkana hezitzaile batean parte hartuko dute. Ikasleak saltokirik saltoki ibiliko dira zientzialariak identifikatzen eta haiei buruzko galderak erantzuten. Jesica Ruiz berdintasun zinegotziaren arabera, "emakumeei omenaldia egiteaz gain, neskatoen belaunaldi berriek erreferente horietan beren burua islatzeko aukera" izango dute. 

Saltoki parte hartzaileak eta emakume zientzialariak:

1. Agirrezabal etxetresnak – Mari Luz Guenaga Gómez (Informatika-ingeniaria)
2. Bed's Durango – Marie Anne Gillain Boivin (Medikuntza eta obstetrizia)
3. Dendak Bai elkartea – Elisabeth Rasekoala (Kimika-ingeniaria)
4. Duzu kafetegia – Rebecca Lee Crumpler (Medikua)
5. Folder – Jane Goodall (Etologoa)
6. Arentza argazki denda – Jane Goodall (Etologoa)
7. Indala ile-apaindegi organikoa – Amaia Ortiz Barredo (Mikrobiologa)
8. Landako optika – Ola Arafat (Farmazia eta bioteknologia)
9. Loteria Nº 2 – Yásnaya Aguilar Gil (Hizkuntzalaria eta idazlea)
10. Nerekopi – Mari Luz Guenaga Gómez (Informatika-ingeniaria)
11. Olabegojeaskoetxea – Lourdes Herrasti (Historialaria eta antropologa)
12. Oliver – Marie Anne Gillain Boivin (Medikuntza eta obstetrizia)
13. Papo's – Hong Wang (Matematika)
14. Pio Pio (Monago Torre, 2) – Ruby Payne-Scott (Astronomoa)
15. Pio Pio (Alluitz, 1) – Olatz Ortega Vidales (Biologa)
16. Sancho Tena – Elisabeth Rasekoala (Kimika-ingeniaria)
17. Sylke – Olatz Ortega Vidales (Biologa)
18. Taula – Yásnaya Aguilar Gil (Hizkuntzalaria eta idazlea)
19. Tyl Spaces – Lourdes Herrasti (Historialaria eta antropologa)
20. Gurrea ardotegia – Amaia Ortiz Barredo (Mikrobiologa)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!