Durangoko Udalak dokumentazio izapideak egiteko egun berriak ezarri ditu. Herritarrek Bilbora edo beste edonora joaten ibili barik berritu ahalko dituzte NAN agiria zein pasaportea, udalerrian bertan. Espainiako poliziaren bulego mugikorra Ezkurdin egongo da martxoaren 5ean eta 18an, eta apirilaren 22an.
Hitzorduak otsailaren 6tik aurrera eskatu ahal izango dira, aurrez aurre zein telefonoz, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ). Interesdunek Barrenkale 17ra jo dezakete edo 94 603 00 00 telefonora deitu. Ez dute hitzordurik emango whatsappez.