Eguazten honetan, otsailak 4, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 'Batzen gaituen ikurra' izeneko sentsibilizazio kanpaina abiatu du. Tabirako Saskibaloi Taldeak bat egin du kanpainarekin eta asteburuan jokatutako partidu denetan jokalariek besoko berdea eraman dute. Beste horrenbeste egingo dute datorren asteburuko partiduetan ere.
Gainera, elkartearen Durangoko boluntarioek pultserak banatu zituzten asteburuan eta ekimenaren berri eman zuten, herritarren parte-hartzea eta sentsibilizazioa sustatzeko.
Talde nagusien garaipenak
Tabirako Baqueko talde nagusi biek irabazi egin dute asteburuan. Gizonek Atletico San Sebastian azken sailkatua menderatu zuten Landako kiroldegian: 79-52. Aipatzekoa da hirukoetan erakutsi zuten zehaztasuna (%43). Hurrengo partidua Galdakaon jokatuko dute, zapatuan, bederatzigarren kokatuta dagoen Ibaizabalen aurka.
Emakumeek gehiago sufritu zuten etxetik kanpora Zarautz menderatzeko: 59-62. Taldeko saskiratzaile nagusia Elene Sarasua izan zen 18 punturekin; Nerea Imazek eta Binate Sanek 11 puntu sartu zituzten. Sanek 13 errebote ere eskuratu zituen. Hurrengo partidua domekan, 12:00etan, jokatuko dute Landako kiroldegian. Sailkapenean bosgarren tokian dagoen Nafarroako Villoslada taldea izango dute aurkari. Durangarrak zazpigarren tokian daude.