"Kalean 'Bomber' esaten didate; oso maitatua sentitzen naiz"

Joseba Derteano 2026ko urtarrilaren 30a

Ewan Urainek (Durango, 2000) Durangoko Kulturalean eman zituen lehenengo urratsak. Gero, Athleticera jauzia egin zuen. Athleticen hirugarren taldea den Baskonian 14 gol sartu zituen urte batean, eta Athleticen lehenengo taldeagaz lagunartekoak jokatzera heldu zen. Baina lesioek promesa gaztearen gorako bidea zapuztu zuten. Athleticen ostean hainbat taldetan aritu da (Amorebieta, Salamancako Unionistas, Badajoz eta Navalcarnero) Adriatikoko kostaldera heldu aurretik. Italiako laugarren mailako Manfredonia taldean aurkitu du lesioak ahaztu eta futbolaz berriro gozatzeko aukera.

Zelan heldu zinen Italiara?
Egia esanda, aurreko uda oso eroa izan zen hartu-eman eta kontaktu aldetik. Iazko urtea oso gogorra izan zen niretzat, lesioengaitik; ia ez nuen jokatu. Ez zitzaidan eskaintza erakargarririk heltzen, eta kanpoan probatzea erabaki nuen. Bitartekari batzuen bitartez, Manfredoniaren eskaintza heldu zen. Hango jokalari Luis Hernaizek deitu zidan. Hango giroa oso etxekoa zela esan zidan eta probatzera animatu ninduen. Gainera, betidanik gustatu zait Italia: Cerdeña eta Erroma bisitatu ditut, italiera ikasten aritua naiz… Beraz, probatzea erabaki nuen.

Zelan joan da taldeko egokitzapena? 
Ondo hasi nintzen, baina gero pare bat partidutan ez nuen neure onena eman, nekeagaitik, eta entrenatzaileagaz talka txiki bat izan nuen. Italiarrek oso ideia finkoa dute aurrelari batek zelan jokatu behar duen; erreferentziazko aurrelari bat gura dute, eta niri, garaia izan arren, mugitzea eta jokoan parte hartzea gustatzen zait. Hasieran gogorra izan zen elkar ulertzea, baina, gero, partidu batean gol bi sartu, asistentzia bat eman eta dena aldatu zen. Begirunea irabazi nuen.

Manfredonia 50.000 biztanle dituen kostaldeko herria da. Zelakoa da bizitza han?
Hiri turistikoa da udan, 'Italiako Benidorm' deitzen diote. Neguan lasaiagoa da. Oso herri polita da. Ni auzo xume batean bizi naiz eta izugarria da zein ondo tratatzen nauten. Bertako sentiarazten naute. Okindegian, kafetegian, arraindegian… Edonon! Futbola ikaragarri gustatzen zaie. Kalean noala autoak gelditu egiten dira eta Bomber! oihukatzen didate. Hemen horrela deitzen zaio goleatzaileari. Oso maitatua sentitzen naiz. Behin, Publai eskualdeko Telesveva telebista kanaleko saio batean parte hartu nuen. Italieraz ondo moldatzen naiz, hemen denbora gutxi daramadan arren. 

Atzera begira jarrita, lehenengo geltokia Baskonian egingo dugu, Athleticen hirugarren taldean. Marka ikaragarria lortu zenuen.
Bai. 12 partidutan 12 gol sartu nituen. Garai hartako oso oroitzapen onak ditut. Baina hasiera gatxa izan zen: jubeniletatik irten eta hain jokalari esperimentatuekin lehiatzera pasatzea kostatu egin zitzaidan. Denboraldi erdian entrenatzailea aldatu zuten. Ivan Fuentes sartu zen, beheko mailetan nire entrenatzaile izandakoa. Nigan konfiantza ipini zuen eta orduan heldu ziren golak. Nire ibilbideko denboraldirik onena izan zen. 14 gol sartu nituen.

Gero, Bilbao Athleticera heltzean, lesioak agertu ziren.
Zoritxarrez, lesioek nire kirol ibilbidea markatu dute. Belauneko lesio larria izan nuen: atzeko albo-lotailua eta atzeko meniskoa apurtu nituen, eta gurutzatua kaltetuta geratu zitzaidan. 

Zelan egiten dio aurre 18 urteko gazte batek horrelako egoera bati?
Kolpe latza izan zen. Hiru partidutan hiru gol sartuta nengoen, promesa bat nintzela zioten, eta momentu hartan Athleticegaz kontratu on bat sinatzeko zorian nengoela uste nuen. Baina, bat-batean, dena gainbehera etorri zen. COVIDa heldu zen segituan, eta dena geratu zen. Nire motibazioa errekuperazioa zen. Mundua berriro martxan jartzen zenerako taldera batzeko prest egotea nuen motibazio, eta lortu nuen.

Athleticen lehenengo taldeagaz partidu ofizialean debutatu ez izana arantza bat da?
Bai, dudarik barik. Ondo nengoen. "Erritmora ondo egokitu naiz eta hemen jokatu dezakedala uste dut", esaten nien ingurukoei. Baina beste behin ere iskiotibialeko lesio bat izan nuen. Berriro lesioen buruko mina! Lesioek ez didate nire mailarik onena ematen utzi. 

Gogoratu ditzagun garai hobeak. 2023ko urtarrilean Amorebieta klubera batu zinen eta Bigarren Mailara igo zineten.
Eromena izan zen. Hasieran, Athleticetik irteteak beldurra ematen zidan, pertsona barnerakoia naizelako, baina zorte handia izan nuen. Oso giro ona geneukan. Denboraldi hartan ikasgai garrantzitsu bat ikasi nuen: aldagela batu batek aurrekontu handiek baino indar gehiago izan dezakeela. 

21 urtez azpiko Eskoziako selekzioagaz hainbat lagunarteko jokatu zenuen, zure amaren jatorria dela eta. Partidu ofizial batean debutatzeko zorian ere izan zinen, baina ez zen gauzatu. Zer gertatu zen?
Arantza bat daukat horregaz ere, Athleticegaz debutatu ez izanagaz gertatzen zaidan moduan. Lagunarteko batzuk jokatu nituen eta oso ondo sentitu nintzen. Taldekideen maila berean edo hobeto ikusten nuen neure burua. Baina gero, txapelketa ofizialeko partidu baterako deitu eta ez nintzen zelairatu ere egin. Harrezkero ez didate deitu eta ez dut hartu-eman gehiago izan eurekin. Arrazoiren bat eman balidate sikeran! Ezin dut ulertu zer gertatu zen.

Aurrera begira, zer asmo duzu?
Oraintxe bertan oso zabalik dago dena. Bikotekidea Miamin dago, Espainiako ligara bueltatzea gustatuko litzaidake, baina Italian ere oso ondo nago. Uda konplikatua izango da erabakiak hartzeko, baina pazientziaz hartuko dut. Futbolean, errendimenduaren eta golen arabera aldatzen da dena; beraz, ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!