Patineteen araudia indarrean Durangon

Ekaitz Herrera 2026ko urtarrilaren 29a

Patinete elektriko bat. SURPRISING MEDIA

Durangoko udalbatzak behin betiko onartu du patinete elektrikoen araudia. Ibilgailuek debekatuta izango dute Zeharkalean eta San Agustineko zubian zirkulatzea. Gidariek 16 urte eginda izan beharko dituzte eta argia erabili beharko dute gauez.

Durangoko udalbatzak behin betiko sartu du indarrean patinete elektrikoen ordenantza, eta ibilgailu horren erabilera arautu du udalerri osoan. Araudiko puntu batzuek modu berezian eragingo diote Alde Zaharrari, udalak hainbat irizpide ezarri baititu eremu horretarako. Patinete gidariek metro biko tarteagaz gidatu beharko dute Alde Zaharreko fatxaden eta atarien paretik, eta ibilgailutik jaitsi beharko dute hori egitea ezinezkoa denean. Hori horrela, Zeharkalean eta San Agustin zubian guztiz debekatuta egongo da patinete gainean joatea, kale horietan bietan ez delako metro biko tartea bermatzen. Gainerakoan, udalerri osoari begirako irizpide gehiago ipini dute indarrean: patineteak 16 urtetik gorakoek baino ezingo dituzte gidatu, eta, salbuespen legez, ziklomotorea gidatzeko baimena duten (AM gidabaimena) 15 urteko gazteek. Era berean, gidariek argiren bat eraman beharko dute patinetean gauez gidatutakoan. 

Araudiak zigorra ipintzeko aukera jasotzen du, baina gobernu taldeko kideek azaldu dute horri ekin baino lehenago ordenantza berriaren xehetasunak azalduko dituztela ikastetxerik ikastetxe. Udaltzainak arduratuko dira zeregin horretaz. Halaber, agenteek alkoholaren kale kontsumoari buruzko ordenantza ere azalduko dutela iragarri dute.  

Patineteen erabilera arautzeko ordenantza EH Bilduren, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin irten da aurrera. Herriaren Eskubideak ez zuen bozketan parte hartu.

Hiru alegazio
Udalbatzak urrian eman zion hasierako onarpena ordenantza berriari, eta asteon ipini du indarrean, behin alegazio epea pasatuta. Tarte horretan, hiru alegazio jaso dituzte. Norbanako batena, DAZ Alde Zaharreko bizilagunen elkartearena eta Stop Bide Indarkeria elkartearena. Gobernu taldeko kideek azaldu dute hiru alegazioak aztertu dituztela, eta proposamenetariko batzuk jaso dituztela araudian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!