Nekane: 50 urte joan dira dendako ateak zabaldu zenituenetik.
Nekane Bereziartua: Leopoldo Zugaza eta Jesus Astigarraga izan nituen nagusi. Gerediaga elkarteko sortzaileak ziren biak, artearen bueltan zebiltzan, eta baita Durangoko Azoka antolatzen ere. Eta, halako batean, Leopoldori liburu denda bat sortzea bururatu zitzaion. Izan ere, liburuak argitaratzen zituen, eta euskarazko liburuen funts handia zeukan: Auspoa argitaletxeko liburuak, Auñamendikoak... Horrez gainera, grabatuak eta halakoak kaleratzen zituen, ordukoak: Balerdi, Zumeta, Ortiz de Elgea, Ramos Uranga. Horietariko batzuk ikusgai daude oraindino ere dendan. Eta, halantxik, Leopoldo Zugazaren eta Jesus Astigarragaren esanetara hasi nintzen lanean. Dendako ardura hartzea egokitu zitzaidan.
Zelan gogoratzen dituzu lehenengo egunak?
N.B.: Oso akordu atseginak datozkit. Gustatu egiten zitzaidan. Lan handia zegoen egiteko, dena eskuz egiten zen eta. Ez zegoen ordenagailurik. Baina Azoka antolatzen egotera, gutxi gorabehera bazenekien zer etorriko zen, dena apuntatu behar zenuela, bueltatu behar zela. Gaztea nintzen orduan, eta pozik lan egiten nuen.
"Sartu eta liburuak ikusteko eta ikutzeko aukera eskaini du beti, liburuen artean paseatzeko aukera. Hitz berritzailea zen orduan"
Liburu denda asko zegoen Durangaldean?
N.B.: Paper denda eta liburu saltoki legez funtzionatzen zuten establezimenduak zeuden. Durangon, adibidez, Urtiaga paper denda. Gero, Maristak ikastetxea zegoela eta, liburu teknikoak ere saltzen ziren. Ochoa denda ere bazegoen, egunkariak eta aldizkariak saltzen zituena. Gogoratzen naiz aitagaz mezatara joaten nintzela, eta handik bueltan egunkaria eta haur-komikia erosten genituela Ochoarenean.
Gaizka Olabarri: Beti entzun dut Hitz denda berritzailea izan zela formatuari dagokionez. Hau da, lehen, liburu denda batera sartzea beste edozein dendatara sartzearen modukoa zen. Sartu eta mostradorea zeneukan aurrean. Eta mostradore hartatik eskatzen zenizkion liburuak arduradunari. Baina Hitzek formatu hori aldatu zuen. Sartu eta liburuak ikusteko eta ikutzeko aukera eskaini du beti, liburuen artean paseatzeko aukera. Berritzailea zen orduan.
N.B.: Hitzen lehenagoko kokalekuan, pareko lokalean zegoenean, obra egin genuen dena bistan ipintzeko. Garai hartan jende asko etortzen zen begiratzera. Izan ere, ez zen denda arrunta. Eta hara. Joseba Sarrionandia datorkit akordura. Garai hartan eskolan genbiltzan eta askotan etortzen zen dendara. Nik baino hobeto jakiten zuen non zegoen liburu bakoitza. "Nekane, non dago liburu hau? Aurrekoan hemen zegoen", esaten zidan.
"Nekane elkarrizketatu zenuten kontrazalean, eta halantxik jakin nuen Hitzek erreleborik ez zeukala. Orduan, Nekanerengana joan nintzen lan bila"
Eta urteak joan ahala, erreleboa emateko ordua ailegatu zitzaizun. 2011 zen.
N.B.: Argi neukan 60 urtegaz jubilatuko nintzela. Horretarako bidea eginda neukan. Eta, halako batean, erreleborik ez geneukala, Gaizka agertu zen. "A, bai?", esan nion. Eta probaldia egin ondoren, ados ipini eta Gaizkak hartu zuen erreleboa.
Gaizka, zer dela eta jo zenuen Hitz dendako atea?
G.O.: Eraikuntza enpresa batean lan egiten nuen, ingeniari tekniko. Kokoteraino amaitu, eta lana uztea erabaki nuen. Eta orduan, 32 urte nituela, hiru-lau hilabete egin nituen beharra topatzen. Beste zeozer gura nuen, baina ez nekien zer. Eta akorduan daukat bariku batean, Durangon aitaxeagaz eta amaxeagaz bazkaltzen nengoela, aste hartako ANBOTO izan nuela eskuetan. Nekane elkarrizketatu zenuten kontrazalean, eta halantxik jakin nuen Hitzek erreleborik ez zeukala. Eta artikulua irakurri eta segituan, hauxe esan nien familiakoei: "Kafea hartzera noa, eta gero denda honetara joango naiz". Nekanerengana joan eta erreleborik bazuen galdetu nion. Kulturagaz ez neukan hartu-eman profesionalik, nahiz eta kulturazalea izan. Proba egitea pentsatu nuen, eta probaldia egin eta gero Nekanek baietz esan zidan, erreleboa emango zidala.
"Liburuak direla eta, jendeak erromantizatu egiten du lan hau. Baina gero hile amaiera dator, autonomoen kontua, Gizarte Segurantza, bankuko kontuak..."
Erabakiagaz damutu zara inoiz?
G.O.: Ez naiz damutu, baina argi esan behar dut hau gogorra dela. Ez dela edonorentzako lana. Nekanek ere ondo daki hori.
N.B.: Liburuak direla eta, jendeak erromantizatu egiten du lan hau. Baina gero hile amaiera dator, autonomoen kontua, Gizarte Segurantza, bankuko kontuak...
G.O.: Jendeak hile amaieran kobratzen du normalean. Baina autonomoak garenok dardarka egoten gara hile amaiera zelakoa izango den jakiteko. Ikaratuta.
N.B.: Gustuko lana baduzu, aurrera egingo duzu. Eta alde politak ere baditu. Adibidez, kulturaren egunerokotasuna gertu-gertutik jarraitzen duzu. Behar asko egin behar da, are gehiago garai hauetan. Sasoi onean jubilatu nintzen.
Asko aldatu dira denborak?
G.O.: Bai. Jendeak oso azkar gura izaten du dena gaur egun. Interneten eraginez, dena berehala gura dugu. Paketeak eskatu, bidali, batu. Eta, lehen, beste patxada bat zegoen. Lehen, martitzenetan etortzen zen garraiolaria. Orain egunero dator. Horrek guztiaren gainean egotea eskatzen digu. Oso erritmo azkarrean gabiltza eta jendea haserretu egiten da paketea heltzen ez bazaio. Eta zuk hori kudeatzen jakin behar duzu, gertatzen dabilena erlatibizatzen.
N.B.: Ohiturak asko aldatu dira. Nire bilobek hauxe esan zidaten aurrekoan: "Amama: lehen zeozer egin eta saritzen gintuztenean, Urtxintxara edo Hitzera joaten ginen opari legez libururen bat edo jostailuren bat erostera". Eta egia da. Gaur egun, umeek gurago dute sari legez tableta edo telefonoa izan.
Eta irakurketa ohiturak? Asko aldatu dira?
G.O.: Irakurtzeko ohiturak bere horretan jarraitzen duela esango nuke. Polizia eleberriak beti egon dira hor, hasi Agatha Christieren lanetatik eta Freida McFaddenen La Asistentara arte. Erromantikoak ere bai. Gaur egun gertatzen zaiguna da estimulu asko dugula. Lehen, telebistan bi edo lau kanal zeuden eta gustuko ezer topatzen ez bazenuen, liburu bat hartzen zenuen. Baina gaur egun Netflix, HBO eta mila plataforma daude. Jendeak ez du aspertzeko tarterik. Telesail bat ikustea ez da esfortzua. Liburu bat irakurtzea, ostera, bai. Kontzentrazioa behar duzu. Orduan, irakurketarako joera jaitsi egin dela iruditzen zait. Hala ere, liburuak badu fetitxismo hori: edizioak oso zainduak dira, balio handia dute objektu legez. Eta liburuak artxibategi digital batean gorde ditzakezun arren, ez da gauza bera horiek eskuetan izatea, azala ikutzea, eta euren ilustrazioekin, tipografiagaz eta bere usainekin irakurtzea. Iruditzen zait horregaitik mantentzen direla liburu dendak.
N.B.: Nik ez daukat Netflix eta halakorik, ez dut horren faltarik. Zinemara joaten naiz, Zugazara, ia asteburuero, pelikulak zineman ikusi behar dira eta. Telebistan ere ez ditut ikusten, iragarkiak direla eta. Izan ere, ordu laurdenero iragarkiak sartzen dituzte, eta ordubeteko saioa ikusteko, ordu erdian ikusi gura ez duzuna ikusi behar duzu.
"Herri txiki bateko denda txikian erostea gustuko dutenak dira bezero asko. Otxandiotik hasi eta Ondarroaraino, eta Eibartik Zornotzaraino"
Zelako bezeroak ditu Hitzek Duangon eta Durangaldean?
G.O.: Denerik dago, eta, jakina, baita bezero fidelak ere. Herri txiki bateko denda txikian erostea gustuko dutenak dira bezero asko. Otxandiotik hasi eta Ondarroaraino, eta Eibartik Zornotzaraino.
Gero, badu beste alderdi bat. Kulturgile eta kultur sustatzaileen topaleku izan da eta da Hitz.
G.O.: Jose Luis Bakedano ia egunero egoten da hemen, goiz zein arratsalde. Aurrekoan liburu berria aurkeztu zuen, Miguel Zugaza eta Mikel Onandia lagun. Hiru kulturgileak elkarregaz hitzordurik lotu barik etorri ziren hona; liburu bila, disko bila, bakoitza bere aldetik. Eta berriketan amaitu zuten hemen, luzaroan. Hitzen jende asko elkartzen da eta niri gustatu egiten zait hori.
N.B.: Leopoldo zena ere hemen egoten zen beti. Juan Luis Ertzilla ere asko etortzen da hona. Elkarrizketa luzeak izaten ditugu hemen.
"Goizean jaiki, egin beharrekoak egin eta hona etortzea nire bizitzaren parte da"
Zeozer berezia egingo duzue 50. urteurrena ospatzeko?
G.O.: Egia esanda, ez dut ezer pentsatu. Efemeride hauekin nahiko lotsatia naiz. Aipamenen bat egingo dugu, pasta batzuk eskaini eta kito.
Zer da Hitz zuen bizitzetan?
N.B.: Dena. Goizean jaiki, egin beharrekoak egin eta hona etortzea nire bizitzaren parte da. Osasunari dagokionez ere on egiten didala esango nuke.
G.O.: Niretzat aurkikuntza bat izan da. Etxea legetxe sentitzen dut denda hau.
Zer esango zeniekete 50 urte hauetan izan dituzuen bezeroei?
G.O.: Eskerrik asko denei, bihotzez.
N.B.: Etorri daitezela beldurrik barik.
G.O.: Kultura eskaintzen dugu, baina ahalegin berezia egiten dugu euskarazko kultura bultzatzeko. Ildo horri ekin zion Nekanek, eta ildo horri jarraitzen ahalegintzen naiz ni.