Lan-elkarrizketak egiten banituen ere, inoiz ez nintzen elkarrizketa haietatik pozik ateratzen, ez nuen enpresa batean lan egin nahi, nire kontura baizik. Izan ere, langabezian nengoen azken lana nik neuk utzi nuelako eta ez lanetik egotzi izanagaitik. Bueno, ba kontatzen ari nintzen bezala, ostirala zen eta Anboto astekaria sukaldeko mahai gainean zegoen, heldu berri. Hartu eta irakurtzen hasi nintzen. Lasai-lasai irakurtzen nengoen azken orrialdera heldu nintzenerarte. Eta sinetsi iezadazue, Anboto astekariko ale harek bizitza aldatu zidan. Azken orrialdeko elkarrizketatua Nekane Bereziartua zen, orduko Hitz liburu-dendako jabea. Hile hartan bertan erretiroa hartuko zuela-eta, elkarrizketa egin zioten Anbotokoek. Senitartekoekin bazkaldu, postrea eta kafea hartu, eta siesta egin beharrean han abiatu nintzen Durangoko Artekaleko 14. zenbakira. Nekanerekin berba egin nuen eta ea jarraitzailerik bazuen galdetu nion. Baten bat bazegoela bai, baina kontu seriorik ez, eta interesik izanez gero niretzako izango zela negozioa. Asteburu hartan bertan erabaki nuen Hitz liburu-dendako ardura nik neuk hartuko nuela. Kultura zalea izanik, itzelezko ilusioa egiten baitzidan horrek. Gaur egun, bertan segitzen dut lanean lehenengo eguneko ilusio berberaz, eta Nekane egunero-egunero etortzen zait bisita egitera Hitzera, bere etxera.
Honexegaitik eta gehiagogaitik, eskerrik asko, Anboto, eta urte askotarako!