Harrera Elkarteak urteko batzarra egingo du zapatuan, San Agustinen. Elkarteko kideek 2025eko balantzea egingo dute, eta 2026ko plangintza aurkeztuko diete bazkideei eta babesleei. Izan ere, elkarteak ohartarazi du egoera "sakon" aldatu dela azken urteotan. "Lehen, presoak zigorrak erabat beteta ateratzen ziren eta egoera horrek behar batzuk zituen. Gaur egun, aldiz, presoak erdi askatasuneko baldintzetan ateratzen dira. 3. graduan, eta horrek beharrak handitu ditu", azaldu du elkarteak. Harrera taldeak "akonpainamendua" eta laguntza asistentziala eskaintzen die "kartzelatik irteten diren euskal presoei eta erbestetik bueltatzen" direnei. "Lan arloan, etxebizitzan, osasun arloan edo edozein kuadeketaren aurrean" eskaintzen dute laguntza. "Egun, 105 euskal preso geratzen dira espetxeetan, baina portzentaje handi batek kalea zapaltzen du egunero, eta dituzten behar guztiei erantzuten saiatu behar dugu", esan du Harrerak. "Lur hartze eta bizitza duin bat ematen saiatu behar dugu urte asko etxetik kanpo eman duten pertsona horiei", gaineratu dute.