Eguazten honetan Durangoko udalbatza berrituko dute, eta izen berri bat batuko da bertara: Alex Botorena (EAJ). Boto Ihobeko zuzendari orokorra da 2020tik, hau da, Eusko Jaurlaritzak ingurumena kudeatzeko darabilen sozietate publikoko zuzendari orokor. Zientzia ekonomikoetan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta enpresen kudeaketako masterduna ere bada. Halaber, Ingurumena planifikatzeko masterra ere egin zuen Londresko Ekonomia Eskolan. Euskalduna da.
Botoren kargu hartzea Sara Ocejak dimisioa eman ondoren dator, hark azaroan iragarri baitzuen kargua utziko zuela. Ocejak 10 urte egin zituen Durangoko udalbatzan. Bigarren alkateorde modura legegintzaldi honetako urteak.
Aldaketak karguetan
Botoren kargu hartzeaz gainera, aldaketa gehiago egongo da ordezkari politikoen arduretan. Eguaztenetik aurrera, Josune Escota hirugarren alkateordea izatetik bigarren alkateordea izatera igaroko da, eta horrez gainera, Ocejak orain arte izandako ardura hartuko du: Lurralde arloa. Paule Sanchezek hirugarren alkateorde kargua hartuko du, eta Ocejaren liberazioa beteko.
EH Bilduren taldean ere aldaketak egongo direla iragarri dute gobernu taldeko kideek. Orain arte liberazio osoan egoniko Iker Urkiza % 70ean egongo da liberatuta hemendik aurrera. Gainerako liberazioaren % 30a Markel Larruskainek hartuko du.
Mankomunitatean ere izango da aldaketarik. Iker Txertudi zinegotziak Sara Ocejaren lekua beteko du han.