Sara Oceja zinegotzi durangarrak dimisioa aurkeztu du, udalean 10 urte egin eta gero

E.H. 2025eko azaroaren 21a

"Dedikazioz, ahaleginez eta talde lanean jardundako 10 urte izan dira. Zorioneko eta eskerroneko nago, Durango garatzeko egindako ekarpenagatik eta hainbeste pertsona konprometiturekin lan egiteagatik", adierazi du bere agurrean. 

Durangoko EAJk jakinarazi duenez, Sara Oceja zinegotziak dimisioa aurkeztu du, eta horrekin, amaiera eman dio udalean 10 urtez egindako lanari. Talde jeltzaleak "Durangarren ongizatearen alde egindako lan nekaezina" eskertu dio, eta azpimarratu du Ocejak udalerriaren garapenerako "funtsezko hainbat proiektutan" esku hartu duela. Plan Orokorra bultzatzea, Musika Eskolako teilatua berritzea, Merkatu Plazaren egokitzapena, Aramotz auzoaren berritzea eta San Faustoko Zirarmendieta kalea berritzea zerrendatu dituzte ekarpenen artean. Era berean, EAJk eskertu egin dio Madalenako plazaren eraberritzean, Astarloa egoitzan, trenbidearen trazaduraren egokitzapenean, Otamotzena auzogunean eta Juan Itziar auzogunean egindako lana. Ez dute ahaztu, halaber, Ocejak PERI proiektuari, Udal Etxebizitza Tasatuen Ordenantzari, Pinondo Etxeari eta Kapitanenari egindako ekarpena. 

Ocejak esan duenez, "dedikazioz, ahaleginez eta talde lanean jardundako 10 urte izan dira" udalean egindakoak. "Zorioneko eta eskerroneko nago, Durango garatzeko egindako ekarpenagatik eta hainbeste pertsona konprometiturekin lan egiteagatik. Pozik noa, garatu ditugun proiektuei eskerrak, gure ondorengoek Durango hobea izango dutelako. Era berean, EAJko lagunak eta zinegotziak eskertu gura ditut, urte hauetan guztietan emandako babesagatik, baita udaleko langileak ere".  

Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak Ocejaren lana goraipatu du: "Lankide aparta izan da, Durangoko eta durangarren ongizatea hobetzeko lan egin duen pertsona oso konprometitua. Bere dedikazioa eta gure udalerriaganako pasioa islatuta geldituko dira berak gidatutako proiektuetan". EAJko presidente Bittor Etxegurenek ere Ocejaren lana txalotu du: "Berak utzitakoa azpimarratzekoa da. Aztarna eztabaidaezina utziko du herriaren garapenean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!