Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuak Emakume Master Cup Laboral Kutxa binakako txapelketaren zazpigarren jardunaldia hartuko du otsailaren 1ean, domekan. Promesen mailako partidu bat eta elite mailako bi egongo dira jokoan 11:30etik aurrera.
Durangaldeko hiru pilotari ariko dira: Durango Pelotazale Klubeko June Urrutikoetxea durangarra eta June Berasaluze berriztarra, eta Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra. Lehenengo biek elkarren kontra jokatuko dute promesa mailako partidua: June Urrutikoetxea eta Marta Gomez Aiala Uriarteren eta June Berasaluzeren aurka.
Ruiz de Infante, elite mailan
Elite mailako lehenengo partidua Aldai-Arrillaga eta Zabaleta-Bertiz bikoteen artekoa da. Ondoren, Ruiz de Infantek eta Mendizabalek Sagarduiren eta Gaminderen aurka jokatuko dute. Ruiz de Infantek eta Mendizabalek txapelketako lehen garaipena eskuratu zuten joan zen asteburuan Amezketan. 22-10 gailendu ziren Zabaletaren eta Bertizen aurka. Horrela, orain garaipen eta porrot banarekin daude sailkapenean. Durangoko jardunaldia osoa garrantzitsua da eurentzat finalerdietarako txartela emango liekeen laugarren postuaren bila.