Azken bost egunetan, Siriako Trantsizio Gobernuak hainbat eraso egin du herrialdearen ipar ekialdean, Rojava eskualdean, kurduen kontra. Kobane hirian eta inguruetan gertatu dira erasoetariko batzuk, Durangorekin senidetuta dagoen hirian, hain zuzen ere. Hori dela eta, Suargi elkarteak eta Durangoko Udalak gogor salatu dituzte erasook, "biztanleria zibilaren aurka" eta era "indiskriminatuan" egin dituztelako. Elkarteak eta udalak adierazpen bat sinatu dute, eta nazioarteko komunitateari eskatu diote, tartean, Europar Batasunari, "indarkeria gelditzeko eta giza eskubideak bermatzeko premiazko neurriak" hartzeko. Adierazpenak udalbatzako bost alderdien oniritziagaz egin du aurrera, aho batez.
Izan ere, adierazpenean jaso dutenez, "erasoa aldez aurreko probokaziorik gabe gertatu da, eta beren eskubide legitimoan aske bizitzea erabaki duten biztanleak zapaltzeko asmo argiarekin". "Operazioak oinarrizko baliabiderik gabe utzi ditu herritarrak, hala nola elektrizitatea eta ura, eta inguruko komunikazioa zaildu du, erasoei buruzko informazioa lortzeko zailtasunak areagotuz", adierazi dute Suargik eta udalak. Era berean, adierazpenak nabarmentzen du Siria iparraldeko eta ekialdeko eskualdeek herrialde "demokratiko, baketsu eta deszentralizatua" dutela konpromiso, eta elkarbizitzaren eredu izan direla komunitate kurduak, armeniarrak, asiriarrak eta arabiarrak.
Adierazpenak Durangoren eta Kobane hiriaren senidetzea du oinarri. Alde biek senidetzea gorpuztu zuten 2017an.