Giovanni Battista Piranesik amestutako Erroma ezagutzeko aukera, Durangoko museoan

Aritz Maldonado 2026ko urtarrilaren 22a

José Ignacio Olave, Garazi Arrizabalaga eta udal ordezkariak.

José Ignacio Olave bildumazaleari esker, Giovanni Battista Piranesi artista italiarraren hainbat lan ikusgai egongo dira Durangoko Arte eta Historia museoan; lanak, tartean 47 grabatu original, Bizkaian dagoen bilduma pribatu batekoak dira. Bihar zabalduko ditu ateak 'Piranesi. Erroma amestua' erakusketak, arratsaldeko 19:00etan.  Apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai. Durangoko Arte eta Historia museoaren 40. urteurrenaren baitan kokatzen da erakusketa. 

'Piranesi. Erroma amestua' erakusketa bost gaitan banatu dute: Arkeologia eta dokumentua; monumentua eta boterea; Erromaren asmakuntza; Piranesi eta idazlea; azkenik, diseinua, apaindura eta irudimena. "Ikusi ahalko diren serieen artean, Le Antichità Romane, Il Campo Marzio dell' Antica Roma, Trofei o sia Magnifica Colonna Coclide eta Diverse maniere di d' addornare i cammini bezalako piezak daude", azaldu du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak. "Piranesi oso pertsona eta ezaguna da Erromaren iruditegian, eta bera nor zen eta hiriari egindako ekarpena erakustea gura dau erakusketa honen bitartez". José Ignacio Olaveren laguntza ere eskertu du museoko zuzendariak. "Olaveri esker, Pinaresiren oinordeen lanak ere ikusgai egongo dira; adibidez, Laura Pinaresiren lan bat ikusgai egongo da, eta hori ez da erraza", gehitu du. Honakoa ez da Olavek Durangoko Arte eta Historia museoagaz lan egiten duen lehen biderra. Aurretik, 'Editore mozorrotua' eta Albrecht Duerer artistaren grabatu originalen erakusketan ere parte hartu zuen. "Duela 40 urte inguru agertu zen Piranesi nire bizitzan. Uste dut bere lanak bat datozela eskualde honekin, baita Piranesiren alde arkitekto eta arkeologoan ere", azaldu du prentsaurrekoan. "Gainera, izugarri gustatu zait nola geratu den erakusketa aretoa". 

Giovanni Battista Piranesi (1720-1778) XVIII. mendeko funtsezko artista italiarra izan zen. Bere grabatuen bidez antzinako Erroma ikuspegi monumental, kritiko eta irudimentsu batetik berrasmatu zuen. 

Piranesiren lanak ikusteko aukera paregabea dela nabarmendu du Arrizabalagak, izan ere, Londres, Erroma, Madril edota Chicago bezalako hirietan ikusi ahal izan dira. "Orain Durangon daude lan hauek". Ate irekiera ekitaldian Nerea Barrenetxea eta Ane Artetxe musikariek arpa emanaldia eskainiko dute. Ohi bezala, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte museoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!