Rio de Oro musika eta elkartasuna batuko ditu aurten ere, Bertsioen Lehiaketa Gauagaz. Ekitaldia Plateruena Kultur Aterpean egingo dute maiatzaren 23an, 20:00etatik aurrera. Antolatzaileek adierazi dutenez, askotariko musika taldeak omentzeko baliatuko dute hitzordua, eta zeregin horretaz arduratuko dira oholtzara igoko diren taldeak ezin bakarlariak. Elkarteak argitu du parte hartzaile bakoitzak talde bakar baten bertsioak prestatu beharko dituela, eta 15-20 minutu arteko zuzenekoa eskaini beharko dutela.
Parte hartzeko baldintzak
Rio de Orok lehiaketako oinarriak jakinarazi ditu. Parte hartzaileek 16 urtetik gora izan behar dute, eta ez dute onartuko mezu arrazista, homofobo edo matxistak duten emanaldiak. Antolakuntzak bere gain hartuko du taldeen hautaketa, eta generoa, hizkuntza eta estilio aniztasuna hartuko ditu kontuan. Hautatuen zerrenda martxoaren 12an jakinaraziko dute.
Talde edo bakarlari irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Epaimahai profesional batek hartuko du erabakia. Interesdunek martxoaren 5era arteko epea dute izena emateko. Horretarako, riodeorodurango@hotmail.com helbidera idatzi beharko dute, ordezkariaren izen-abizenak, taldearen izena, bertsionatuko duten taldearen izena eta harremanetarako telefonoa zein helbide elektronikoa jarrita.