[ARGAZKI GALERIA]: Pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzea lortu gura dute aurten

E.H. 2026ko urtarrilaren 19a

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zortzigarren urteurrena bete du gaur. Durangon manifestazioa egin dute.

Gaur zortzi urte bete dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua eratu zenetik eta aldarrikapenak astelehenero-astelehenero kaleratzen hasi zirenetik. Durangon, besteak beste, kalera irten dute eguerdi honetan, manifestazioan. Udal plazatik Madalenrako bidean aurrera begirako helburuak aldarrikatu dituzte. Amaieran, agiri bat irakurri dute, eta Kristina Mardarasek bertsoak bota ditu.

Pentsiodunen mugimenduak azpimarratu du "zerbait aurreratu" dutela zortzi urte hauetan, baina aurrera begirako bidea "luzea" dela oraindik. Gaineratu dutenez, "220.000 pentsiodunek gero eta zailtasun handiagoak dituzte bizi-baldintza duinak edukitzeko" Euskal Herrian. Lorpenei eta mugei dagokienez, Nafarroak onarturikoa aipatu dute, han gutxieneko pentsioaren osagarria igo baitute 1.100 eurora arte, hamalau ordainsaritan. Hala ere, pentsiodunen esanetan "ez da nahikoa",  batez ere "ezarritako baldintzengatik". Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Herri Ekimen Legegilea izan dute ahotan. "Kanpaina bikaina" egin aren, "EAJren eta PSE-EEren betoak egitasmoa legebiltzarrean eztabaidatzea eragotzi" duela kritikatu dute.

Etorkizunari begira, pentsiodunen mugimenduak aurten lortu gura du gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzea. Era berean, genero arrakalarekin amaitzea borrokatuko dute.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!