Durangoko Udalak aldaketa puntual bat egingo du hirigintza arloko Arau Subsidiarioen, PERI1 proiektua hirigintza beharrizanetara egokitzeko. "Aurreko legegintzaldiko galdeketan herritarrek adierazitako borondatera" egokitu gura dituzte hirigintza arauak, etorkizunean honako jarduketa hauek egin ahal izateko: hasierako hirigintza proiektuak aurreikusitako eraikigarritasuna murriztea, Gaitasun Handiko Osasun Zentro berria sortzea, garai bateko trenbide trazadurak berdegune bihurtzea eta elementu horiek guztiak eskuartean daukaten Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin lerrokatzea (HAPO).
Arau Subsidiarioen moldaketagaz, "Durangoko eremu oso garrantzitsu bat eraldatzeko aukera paregabea" zabaldu dela esan du Mireia Elkoroiribe alkateak: "Urteak generamatzan une honen zain, eta orain espazio berdeago bati forma ematen has gaitezke, durangarrentzako etxebizitzekin, irekiagoa eta pertsonei zuzendua. Orain, arau subsidiarioen aldaketarekin hasiko da haren garapena", esan du.
Parte hartze prozesua
Udalak partaidetza programa bat egingo du herritarrek, elkarteek eta tokiko eragileek informazioa jaso eta iritzia eman ahal dezaten. Prozedura hori hasierako fasean dago, eta kontsulta publikoa egingo dute "datozen asteetan", partehartu.durango.eus atarian. Aurrerago, beste ekintza batzuk egingo dituztela iragarri dute, hala nola tailerrak eta informazio saioak.
Era berean, udalak jakinarazi du hirigintza hitzarmen bat idazten jarraitzen duela Euskal Trenbide Sarearekin eta Etxebizitza eta Ondare Sailarekin.