Durangaldeko 200 adinekok Poloniara bidaiatu ahal izango dute aurten

E.H. 2026ko urtarrilaren 16a

Varsoviako alde zaharra. (Pixabay, Andrzej_B)

Izen emateak urtarrilaren 19tik otsailaren 4ra egin behar dira Elkartegian edo Astarloa adinekoen zentroan. 

Mankomunitateak eta Durangoko Udalak kultur bidaia berria prestatu dute eskualdeko adinekoentzat. Aurten, Poloniako bazterrak ezagutzeko parada izango dute 60 urtetik gorakoek. Zazpi eguneko bidaia izango da, Varsovia, Lodz, Wroclaw eta Krakovia hiriak ezagutzea ahalbidetuko diena. Era horretan, Gizateriaren Ondare diren lekuak ezagutuko dituzte, Wieliczkako gatz-meategiak eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrua, besteak beste. Ibilbidea musika judu tradizionaleko afari-kontzertu bategaz amaituko dute. 

Egutegia eta prezioak

Irteerak maiatzerako programatu dira, lau txandatan: maiatzaren 10ean, 17an, 24an eta 31n. Bidaiak 1.545 euroko kostua izango du pertsonako logela bikoitzean (banakako gelaren osagarria 270 eurokoa izango da). Prezioak honako zerbitzu hauek barne hartzen ditu:

  • Hegaldi zuzenak (Bilbo-Varsovia eta Krakovia-Bilbo).

  • 3 eta 4 izarreko hotelak, pentsio osoko erregimenean.

  • Programatutako bisita eta sarrera guztiak.

  • Taldeko ezeztapen-asegurua eta osasun-laguntza zabala.

  • Gidari laguntzailea zirkuitu osoan zehar.

  • Autobus zerbitzua bidaiariak herriz herri jaso eta itzultzeko.

Izen-ematea eta zozketa
Interesa dutenek urtarrilaren 19tik otsailaren 4ra bitartean eman beharko dute izena. Eskaera kopuruak eskainitako plaza kopurua gaindituz gero, zozketa publikoa egingo dute otsailaren 9an, goizeko 10:30ean, Landako Elkartegian.

Informazioa eta inskripzioak:

  • Durangon erroldatutakoak:

    • Lekua: Durangoko Adinekoen Zerbitzua (Pablo Pedro Astarloa kalea, 1-2).

    • Telefonoa: 94 465 74 51 | Posta elektronikoa: adintek@durango.eus

  • Eskualdeko gainerako udalerrietan erroldatutakoak (Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio, Zaldibar):

    • Lekua: Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzua (Landako etorbidea, 4 - Durango).

    • Telefonoa: 94 620 05 46 | Posta elektronikoa: nagusiak@dma.eus

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!