Zure espektatibak gainditu zenituen?
Guztiz gainditu ditut. Nire bizitzako txapelketarik onena jokatu dut, dudarik barik. Rankingean 46. postu inguruan nengoen eta ez nuen espero. Ez nintzen ondo hasi, baina oso ondo amaitu nuen.
Alan Pichot xakeko Maisu Handiaren kontra jokaturiko azken partidan txapeldunorde geratzeko aukera izan zenuen.
Bai. Irabazi beharra neukan eta berdindu egin nuen. Argentinarra da bera, espainiar nazionalizatua. Oraintsu partida azkarren munduko txapelketan aritu da, Magnus Carlsenegaz eta munduko onenekin. Nire kontrako partidan arriskatu egin zuen, irabazi egin gura zidan, kosta ahala kosta. Mugimendu bat denbora luzez pentsatu zuen, berdinketa zela kalkulatu eta eskua luzatu zidan. Onartu egin nuen. Amaieran ordenagailuan kontsultatu nuen gure partida. Ikusi nuen nik ia ez nuela abantailarik izan partida osoan. Momentu batean peoi bi gehiago izan nituen, baina berak ondo jokatuz gero, berdinketa zen. Ez dakit nire meritua izan zen hainbeste eustea edo bere demeritua lehenago ez errematatzea, maila horretako xakelari batek irabazi egin beharko zidalako. Baina eusten jakin nuen, momentu batean ere ez nintzen behera etorri eta azkenera arte borrokatu nintzen. Pena izan zen. Txapeldunorde geratuz gero amaiera bikaina litzateke, nire bizitzan beharbada berriro gertatuko ez den lorpen horietarikoa, oso maila handiko txapelketa da eta. Gainera, aldea dago diru sarietan: nik 450 euro irabazi nituen eta txapeldunordeak 3.000 euro. Baina, tira, oso pozik nago zortzigarren postuagaz.
Teknologiak asko laguntzen dizue partidak prestatzen?
Bai. Partidak prestatzeko zein jokaturikoak aztertzeko erabiltzen dugu. Orain ia inork ere ez du libururik erabiltzen. Liburuak ere digitalizatuta daude. Edozein neska-mutikok ordenagailua hartu eta ordu mordoa ematen du partidak aztertzen. Maila handia lortu daiteke etxetik irten barik. Informazioa askoz ere eskuragarriago izateak gaitasuna asko handitzea ekarri du.
Pichoten partida asko aztertu zenituen?
Bai. Kontua da azkenerako buruan nahaste handia neukala, datu basean Pichoten 5.000 partida inguru daudelako. Gainera, maila horretako xakelariek oso errepertorio zabala dute. Oso gatxa da nondik joko duten asmatzea.
Pichotek ere aztertuko zituen zure partidak.
Seguruenik bai, baina ez zuen hainbeste lan izango. Nire akatsik handienetariko bat da ia beti berdin jokatzen dudala. Aurreikusteko erraza naiz. Esaterako, ia defentsa beragaz jokatzen dut 25 urtetik hona. Aurkariek badakite hori, eta horren arabera jokatzen dute nire kontra. Ahalegintzen naiz gauzatxoak aldatzen, jakina. Baina behintzat ez dezatela jakin nire 22. mugimendua zein izango den, bestela galduta nengoke. Nire errepertoria hobetu beharra dut, baina adin batetik aurrera aldatzeak nagia ematen du.
Txapelketan lortu duzun garaipen esanguratsu bat Enrique Tejedorren kontrakoa da. Nazioarteko Maisua da eta Espainiako xake azkarreko txapeldun izandakoa.
Niretzat berdinketa lortzea garaipena zen, baina irabazteak konfiantza handia eman zidan gero zetorrenari aurre egiteko. Oso xakelari indartsua da. Segundo batean ikusten du nik ordu erdian ikusten dudan jokaldia. Banekien presio handia zuena, Maisu Handi araua zuelako jokoan. Lehenengo 20 jokaldiak pentsatu barik egin nituen, azkar, bera nahasteko konfiantzagaz. Hain maila handiko xakelariaren aurka ez neukan galtzeko ezer. Momentu batean berdinketa eskatu zidan, baina jokatzea erabaki nuen eta ondo atera zitzaidan. Beltzekin jokatuta Tejedorri irabaztea itzela izan zen.
Orain FIDE Maisua zara. Txapelketan Nazioarteko Maisu izateko arau bat lortu zenuen. Titulua lortzeko hiru arau behar dira eta 2.400eko ELOra heltzea. Helburu berri bat zabaldu zaizu?
Oraingoz ez dut nire egutegia aldatzeko asmorik. Bigarren araua lortuko banu, agian planteatuko nuke gehiago ikastea edo araurako baliagarriak diren txapelketetara joatea, baina momentuz ez. Izan ere, oso gatxa da Nazioarteko Maisu bihurtzea. Ez da nahikoa sekulako maila ematea; norbere esku ez dauden beste faktore batzuk ere badaude. Esaterako, Nazioarteko Maisu edo Maisu Handi kopuru jakin baten aurka jokatu behar duzu eta baita lau nazionalitate desberdinetako xakelarien kontra ere. Beraz, Open batera joan eta euren aurka jokatzea egokitzen ez bazaizu, alferrik zabiltza. Opena irabazita ere ez duzu araua lortuko.
Nazioarteko Maisu asko dago Euskal Herrian?
Euskadiko azken Nazioarteko Maisua orain 30 bat urtekoa dela esango nuke. Bizkaian ez dago bat ere. FIDE Maisuaren kasuan, Durangon badago beste bat: Rodrigo Sarralde. Bera ni baino hobea izan da beti.
Abadiño Xake Taldeagaz Ohorezko Mailako liga hasi zenuen joan zen asteburuan. Euskadiko maila nagusia da. Zein da aurtengo helburua?
Mailari eustea eta ez sufritzea; eta Espainiako txapelketarako plaza lortzen badugu, ba hobeto.
2023an liga irabazi zenuten. Zelan gogoratzen duzu?
Mirari txiki bat izan zen. Leicesterrek Premier Leaguea irabazi zuenekoagaz konparatu daiteke. Ibon Martin, Unai Calvo, Jon Lagos eta laurok; etxeko lau xakelari atzerritarrak fitxatzen dituzten taldeen aurka. Itzela izan zen. Esaterako, aurten, Bilboko talde batek, iaz ozta-ozta salbatu zenak, hiru kubatar 'top' fitxatu ditu. Dirutza ordainduko diete, seguruenik. Bi-hiru talde kenduta, gainerakoek antzerako fitxaketak egingo dituzte. Oso gatxa da guretzat. Gure taldeari dagokionez, Manex Regillaga elorriarrak eta Markel Vesga legazpiarrak gugaz jokatuko dute aurten. Azken horrek FIDE Maisua izatea lortu berri du.