Durangoko Oinarrizko Lanbide Heziketako bigarren mailako zortzi ikaslek Laubideta kaleko eta inguruko 20 egurrezko banku konpondu dituzte. Ikasleek prozesu osoa egin dute ikastetxeko tailerrean: bankuak desmuntatu dituzte, piezak ordezkatu, lixatu eta babes-tratamendua eman. Asier Perugorria Hezkuntza zinegotziak egitasmoa txalotu du: “Horrelako ekimenek, ikasleentzat esperientzia praktiko baliotsua izateaz gain, eragin nabarmena dute bizilagunen egunerokoan, eta agerian uzten dute Lanbide Heziketak ez duela soilik lanerako prestatzen, baizik eta komunitatearen ongizatean ere laguntzen duela”.
Datozen asteetan, ikasleek euren ikastetxeko itxitura metalikoa konpontzen hasiko dira, ikaskuntza praktikoa komunitatearen zerbitzura jartzen jarraitzeko.