Zortzi urte "pentsio duin eta publikoak" kalean defendatzen

Ekaitz Herrera 2026ko urtarrilaren 13a

Pentsiodunen mobilizazio bat, Durangon. DURANGOKO PENTSIODUNAK

Durangoko pentsiodunen mugimenduak manifestazioa egingo du astelehenean, hilak 19, "pentsio publiko eta duinen sistema" aldarrikatzeko. Mugimenduak bere urteurrenean egingo du mobilizazioa, 2018an astelehenero kalera irteten hasi zirenetik zortzi urtera. Manifestazioa 12:00etan irtengo da, udal plazatik. Madalenako plaza izango du helmuga.

Mugimenduak zortzi urte hauetako balantzea egin du. Gogoratu dutenez, "mobilizazio masiboei eskerrak" lortu zuten, 2018an, %0,25eko "igoera barregarria" indargabetzea, eta akordura ekarri dute harrezkero astelehenero irten direla kalera pentsioetako genero-arrakala amaitu eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatzeko, besteak beste. Horrez gainera, EAEko pentsiodunek Herri Ekimen Legegilea helarazi zioten Eusko Legebiltzarrari. 145.142 herritarrek babestu zuten egitasmoa, baina EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek gaia ez eztabaidatzea erabaki zuten udazkenean. Pentsiodunek "borrokan" jarraitu gura dute, gutxieneko pentsioak "helburu ukaezina" direla iritzita. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!