Durangoko EH Bilduk Zumar kaleko zuhaitzen inbertsioa "ezkutatzea" egotzi dio udalari. Koalizioaren berbetan, durangarrek 100.000 euroko inbertsioa onartu zuten parte hartze bidezko aurrekontuetan, atal horrekin zuhaitz gehiago landatzeko. Alabaina, udalari leporatu diote aurreikusitako diru atala "kontrako norabidean doan jarduketa urbanistikoa finantzatzeko" erabiltzea. EH Bilduren arabera, "iragarritako 161.844 euroetatik, 20.777 euro baino ez dira benetan zuhaitzetara bideratzen, hau da, guztizkoaren %18 besterik ez". Gainerako aurrekontua "inolako arriskurik ez duten zuhaitzak botatzera eta egoera onean dagoen espaloia berrurnanizatzera" bideratuko dela kritikatu dute, eta jarduketa horiek "141.000 euro inguruko kostua" izango duela zehaztu.
"Herritarren parte-hartzea errespetatzea al da 2024ko aurrekontu parte-hartzaileen proposamen bozkatueneko 100.000 euro guztiak zuhaitz-kopurua murrizten duen obra bat finantzatzeko erabiltzea?", galdetu du EH Bilduk. Herritarrek "gardentasuna, koherentzia eta kolektiboki hartutako erabakiekiko errespetua" merezi dutela adierazi dute.