Durangoko Udal Gobernuaren arabera, 2026an kirol instalazioetarako urteko abonua egongo da

Anboto 2025eko abenduaren 22a

Iker Txertudi Durangoko Udaleko kirol zinegotziaren berbetan, urteko abonua ez dago eskuragarri une hauetan "tramitazio administratiboan dagoelako". Hala ere, "apirila inguruan, atzeraeraginezko ondorioekin" aktibatuko dutela baieztatu du, "erabiltzaileei edozein kate sahiesteko". Bestalde, EH Bilduk egindako adierazpenek, ostera, "partzialak eta nahasmena sortzen dutenak" direla adierazi du. 

"Urteko abonuak ezabatu direla esatea ez da egia. Egoera iragankorra da, administrazio epeen ondoriozkoa, eta urteko ordainketa atzeraeraginez aplikatuko da, lehen hiruhilekoan ordaindutako zenbatekoa kenduta", adierazi du Txertudik. EH Bilduri, ostera, herritarrei "mezu alarmista helaraztea", leporatu diote. "Funtsezko informazioa nahita alboratu dute, eta ezarritako prozeduren arabera egiten ari den kudeaketa baten legezkotasuna zalantzan jarri dute", gehitu du. Era berean, herritarrak erreklamazioak jartzera animatzea "ez da oso arduratsua" zinegotziaren berbetan. "Ez da oso arduratsua herritarrak animatzea erreklamazioak aurkeztera, Udala abonamendu sisteman trantsizio ordenatu eta bidezkoa bermatzeko lanean ari denean".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!