Durangoko Udalak prezio publikoak ez ezartzea “legezkoa ote den” galdetu du EH Bilduk

Anboto 2025eko abenduaren 22a

EH Bilduk ohar batean adierazitakoaren arabera, udal gobernu taldeak kirol instalazioetan “egun indarrean dauden prezio publikoak ez aplikatzea” erabaki du. “Erabaki hori, erabiltzaileentzat bidegabea izateaz gainera, ikuspuntu juridikotik zalantzazkoa da”. Herritarrei erreklamazio formalak aurkezteko deia egin die alderdi independentistak, gainera.

“Indarrean dauden prezio publikoek berariaz jasotzen dute urteko bonuak eskaintzea. Horiek ez aplikatzeak udalak berak formalki onartutakoaren eta egun indarrean jarraitzen duen araudiaren aurka egitea dakar”, salatu dute. “Prezio publiko berriak onartzen ez diren bitartean Udalak lehendik dudenak aplikatzeko derrigortasuna du. Hala ere, EAJk urteko bonuak kontratatzea eragozteko hautua egin du”, jarraitu du ohar berean. “Jarduteko modu honek plangintza falta larria agerian uzteaz gain, legezkotasun eta segurtasun juridikoaren oinarrizko printzipioak eta erakundeak berak hartutako akordioekiko errespetua urratu ditzakete. Beste behin ere, kudeaketa txarraren ondorioak Durangoko herritarrek pairatzen dituzte; kirol publikorako sarbidea mugatuta ikusten dute eta zerbitzu beragatik gehiago ordaintzera behartuta daude, inolako justifikazio legal edo administratibo irmorik barik", salatu dute. Hori dela eta, dei egin diete herritarrei Kontsumitzailearen bulegoan, edo Durango Kirolakeri erreklamazio formalak jartzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!