Nesken taldea bueltan da Anbotopeko klubean

Aritz Maldonado 2025eko abenduaren 18a

Juniorren aurtengo taldea. Amaia Garitano, goian, ezkerreren. ANBOTOPEKO

Aspaldiko partez, Anbotopekok emakumeen taldea du aurten. Junior mailako hamabi bat jokalarik osatzen dute taldea, eta jokatzeko lekurik izan ez zuten jokalarien beharrizanari erantzuteko sortu da. Herritar talde batek Anbotopekora jo zuen taldea sortzeko proposamenagaz, eta honek atea parez pare zabaldu die gustuko duten kirolean jarraitzeko aukera izan dezaten. Aurrera begira, juniorrei eta adin horretatik gorako neskei saskibaloian aritzeko uneak eta guneak eskaintzen jarraitzea dute helburu nagusi.

Hiru entrenatzaile dituzte taldean: Amaia Garitano, Amara Zabaleta eta Alison Solis. Garitano Anbotopekok izan zuen emakumeen taldeko jokalaria izan zen sasoi batean, eta gustura dabilela dio. "Gure jokalariak saskibaloiaz gozatzen ikustea da saririk handiena niretzat", esan du. Anbotopekon, gainera, askatasuna aurkitu dute taldea komeni den moduan eramateko. "Hemen ez dago beste klub batzuen lehiakortasun puntu hori. Jakina, hemen ere ehuneko ehuna ematea da helburua, baina, tira, azterketak direla-eta entrenamenduren batera etorri ezin badira, ez da ezer ere gertatzen. Esango nuke gehiegizko presio hori ez izateak jokalariei lasaitasuna ematen dietela eta pozik dabiltzala", azaldu du Garitanok.

Lehenengo denboraldiko erronketariko bat kantxak lortzea izan da, entrenatzeko zein jokatzeko. Azkenean, Fray Juan Zumarraga institutuan eta Kurutziaga Ikastolan aurkitu dute bila zebiltzana. Etxeko partiduak institutuan jokatzen dituzte, baina ez luzera begira. Datorren denboraldirako beste 'etxe' bat bilatu beharko dute, federazioaren kriterio eskakizunei erantzuteko. 

Bizkaiko ligan
Gaur egun Bizkaiko Ligan jokatzen dabiltza. Lehenengo fasea B multzoko hirugarren tokian amaitu dute, bost garaipenegaz. 2026an bigarren faseari ekingo diote. Urtarrilaren 11n Bilbon jokatuko dute, Patronato taldearen aurka. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!