Zelakoa izan da 'Su txikian' sortzeko prozesua?
Orain urte bi inguru izan nuen proiektuaren berri, 1545 argitaletxekoen eskutik; Olatz Mitxelena ere egon zen batzar horretan, eta segituan eman nuen baiezkoa. Baserri mundua eta aurreko belaunaldietakoek gauzak egiteko askoz ere modu pausatuagoa zutela kontatzea izango zen istoriaren ardatza; horren garrantzia azpimarratzea zen euren nahia eta helburua. Istorioari dagokionez, Udane aitona Martinengana doa baserrira, zapatu batean. Aitonak baso bat du, etorkizun hobe bat izateko, eta Udanek, beste belaunaldi batekoa izanda, ez du hori guztiz ulertzen; burua galderaz betetzen zaio: "basoa, zergaitik?", "berak ikusiko ez badu, basoa zertarako?", "norentzat landatu du basoa?"... eta horrelakoak. Aitonagaz elkarrizketa bat du eta bere buruari ere galdera mordoa egiten dio zurrunbilo horretan.
Hasieratik bat egin nuen istorioagaz, aita ere baserri mundutik datorrelako; beasaindarra da eta han galduta dagoen baserri batetik dator. Aitak basoagazko maitasuna erakutsi izan digu beti, basoa zaindu egin behar dela erakutsi digu, eta horregaz hazi gara. 'Honegaz ondo konektatzen dut', pentsatu nuen. Gainera, aurreko belaunaldiei zelanbait opari bat egitea zela ere pentsatu nuen.
Beraz, urte biko prozesua izan da.
Bai. Horrela adostu genuen, eta, egia esateko, oso zaindua sentitu naiz, bai idazlearen partetik eta baita argitaletxearen aldetik ere. Hori ez da oso ohikoa izaten. Denborak errespetatu ditugu. Epeei dagokienez, 2025eko Durangoko Azoka izan genuen buruan hasieran, baina denboragaz eta ganoraz egiteko gogoa genuen. Hartu-eman mordoa izan dugu, norabide bietan, eta elkarrizketak-eta ere bai. Liburua bera ere, su txikian egin dugu (barrez).
Ez da ohikoena izaten horrela lan egitea.
Alde horretatik ere oso ondo konektatu nuen eurekin. Ni ere zurrunbilo honetatik irten guran nabil, gainera. Formakuntza artistikoan irakasle naiz, ordutegi murriztuan, irudigile legez ere lan egin ahal izateko, baina askotan sentitzen dut ez daukadala aukerarik bizitzako zurrunbilo honetan denari ganoraz erantzuteko. Eta proiektu hau bai izan da, zelanbait, 'bueno, honela bai, honela badut sortzeko gogoa'.
Zelan Mitxelenagaz lanean? Lehenengoz lan egin duzue elkarregaz?
Sormen prozesurako, hasieran lehenengo testu bat jaso nuen, eta gero moldatuz joan da. Nik berari ilustrazioak erakutsi ahala berari ere sortu zaio aldaketak egiteko gogoa. Alde biko sorkuntza izan da, abiapuntua testua izan arren. Adibidez, Miren Amurizagaz Bainera bete itsaso egin nuenean, beste modu batera sortu genuen; elkarregaz momentu berean joan ginen forma ematen. Kasu honetan, lasaitasuna nabarmenduko nuke, egin ahal izateko lasaitasuna eta zabaltasuna; hau da, proposamenak erakutsi ahala, lan egiten jarraitzeko askatasuna ematen zidan.
Aurreko belaunaldiei oparia dela esan duzu. Era berean, datozen belaunaldientzat ere bada ekarpena.
Liburuaren aurkezpena egin genuenean, gaur egungo munduan promesak betetzeko zailtasunak edo zerbaiti konprometituak izateko dugun zailtasunak nabarmendu genituen, eta liburu honen helburua hori agerian uztea ere bada. Nik interpretazio hau egiten dut: aitonak zertarako behar du basoa berak ikusiko ez badu? Ba, denok etorkizun hobe bat izateko, ezta? Zuk ikusiko ez duzun arren, ondorengoentzat izango da, horretan sinesten duzulako. Herrigintzan ere ikusi daiteke hori, adibidez; haziak ipintzen dira etorkizun hobe baterako. Metafora hori liburu honetara eramaten ahalegindu gara. Olatz Salvadorrek eta Itziar Ugartek egindako kantan aipatzen da, zuhaitz bat hazten den moduan esku batzuk ere hazi daitezkeela. Udane zuhaitz ibiltari bat legez irudikatu dut, eta aitona ere paisaiaren parte da, jakinduriaz betetako pertsona. Funtsean, baso bat komunitate osasuntsu bat da, eta hori ere ikusten da bideoklipean; umeek zein nagusiek osatzen duten basoa.
Baserriagaz hartu-emana izateak erraztu egin du prozesua, ala erronka zaildu?
Irudiak guztiz natural irten zaizkit. Gehiago esango nuke, natura irudikatzea oso gustuko dut. Elorrion ere baserrian bizi naiz, eta nahi-non ikusten ditut zuhaitzak. Baserri familiatik nator, gainera, eta, beraz, erraztu egin duela esango nuke.
Posible da gaur egungo bizi erritmoagaz ezer su txikian egitea?
Beharrezkoa dela esango nuke, baina oso gatxa da, aldi berean. Internet, sare sozialak eta wifia izateak, adibidez, gauza asko erraztu ditu, baina esango nuke ez ditugula horiek ondo kudeatzen egunerokoan. Input eta estimuluz josita gaude, eta batzuetan beharrezkoa da horiek alde batera uztea; mugikorra, esaterako. Gehiago bizi behar ditutu natura eta errealitatea. Nik neuk horren falta igartzen dut.