Durangon Gabonetako futbol7 txapelketa antolatu dute abenduaren 26tik 28ra

Anboto 2025eko abenduaren 19a

Durangoko Kulturaleko, Udaleko, JAEDeko eta Sukiako ordezkariak JAEDeko standaren aurrean.

Txapelketan zehar esnea biltzeko kanpaina bat egingo dugu JAEDentzat.

Durangoko Kulturalak aurtengo Gabonetako Txapelketaren berri eman du gaurko prentsaurrekoan. Kirolaz gain, jarduerak izaera solidarioa izango du, esnea biltzeko kanpaina bat abiaraziko baita JAEDentzat.

Gabonetako F7 Durango Sukia SCD Txapelketa abenduaren 26, 27 eta 28an egingo da lehen urteko kimu eta benjamin mailako (2015 eta 2017 urteak, hurrenez hurren) taldeekin. Guztira 27 klub/ikastetxe bilduko dira, 48 talderekin. Durangaldetik, Amorebieta, Ermua Blues, Jesuitak, Kurutziaga, San Antonio, Lauaxeta, Landako eta Zabalarra ariko dira; baita Durangoko Kulturala bera ere, kategoria hauetan dituen bost taldeekin.

Txapelketa Tabira futbol zelaian garatuko da. Lehenengo bi egunetan ligaxketako partiduak jokatuko dira: goizetan 09:30-13:15 bitartean, eta, arratsaldetan, 15:30-19:15 artean. Abenduaren 28an azken fasea jokatuko dute 09:30-13:15 bitartean.

Txapelketarekin batera, klub durangarrak dei egiten die parte hartzen duten klubei, familiei, erakundeei, enpresei, ikastetxeei eta durangarrei egitasmo solidario bati laguntzeko, txapelketan zehar esne brik bat emanez. Batutako guztia JAEDentzat izango da.

Momentuz Cafés Baqué (100 litro esne), Kaiku (500 litro esne) eta Bikote Solar (100 litro esne) batu dira ekimenera. JAEDeko Susana Lorenzok gaurko prentsaurrekoan zehaztu duenez, iazko txapelketan 1.477 litro batu ziren. Aurten, guztira, 23. 673 litro esne banatu dituzte beharra zutenen artean. Beste datu bat ere eman du: 2025ean zehar 376 familiaren beharrak asetzeko lan egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!