[BIDEOA]: "Gure zozketa ohitura handiko egitasmoa da Durangaldean"

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 13a

Esther Egizabal JAED elkarteko kidea eta zozketa solidarioko saltzaileetariko bat da. 

Urte ugari daramazu zozketa solidarioan boluntario.
Aspalditik nabil hemen. Izango dira hogei bat urte edo. Aurten martitzenetan nabil zozketa solidarioan txanda egiten.

Eta aurten ere sari ugariz inguratuta ikusten zaitugu.
Denerik dugu. Sari nagusia autoa da, baina aurtengo bigarrena, nobedadea dena, ez da atzean geratzeko modukoa. Eurodisneyn egun bi igarotzeko bidaia zozkatzen gabiltza, lau lagunentzat. Ume birentzat eta eurekin batera joateko nagusi birentzat. Beste nobedadeetariko bat zinema txartelena da. Aurten, Zugaza zineman 60 pelikula ikusi ahal izateko bonua dugu zozketan. Gainerakoan, erlojuak, smartphoneak, ordenagailua, hiru telebista, Portugalera eta Kanarietara bidaia, txakolina... 50 sari guztira.

Zelakoak izan dira salmentak orain arte?
Ederto gabiltza. Iazko data berdinekin alderatuta, gehiago saldu dugu. Gabonetako oporretan, kanpoan bizi den durangar asko etortzen da hona. Eta horien artean igarri dugu umetan eta gaztetan askok etxean jaso zutela zozketa solidariora etortzeko ohitura, eta Gabonak igarotzera jaioterrira bueltatzen direnean, eutsi egiten diotela ohitura horri. Pozik etortzen dira erosketak egitera. Era berean, hona etorri ezin direnak ere badaude. Horiek ere eskatzen dizkigute txartelak. Aurrekoan, adibidez, semea New Yorken daukan ama bat etorri zitzaidan txartelak erostera. Semeak hemen egotea ezinezko zuela eta, txartelak erosteko eskatu zion amari. 

Zenbat txartel ipini duzue salgai?
80.000. Akordatzen naiz orain urte batzuk 50.000 ateratzen genituela. Iaz, 75.000 baino gehiago saldu genituen. 

Egin deialdia; animatu herritarrak txartelak erostera.
Herritarrek ondo dakite zer lan egiten dugun, bestela ezin delako azaldu zergaitik saltzen dugun hainbeste. Uste dut JAEDen zozketa solidarioa ohitura handiko egitasmoa dela eskualdean. Ez bakarrik Durangon edo Iurretan, baita gainerako herrietan ere. Asko erosten dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!