Durangoko DOPAk deitutako elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, "Osakidetzak bizi duen egoera txarra" salatzeko. Antolatzaileen esanetan 200 pertsona baino gehiagok eta pentsiodunen ordezkaritza zabal batek parte hartu dute protestan. "Osasun publikoa oinarrizko eskubidea dela eta ezin dela "funts putre pribatuetara zatitu edo saldu" aldarrikatu dute. "EAJk eta PSEk gure osasunarekin negozioak egiten dituzten enpresa pribatuekin bat egitea erabaki dute. Emaitza porrota izan da, eta horregatik gaude hemen, onartzen jarraitu ezin dugun zerbait salatzeko. Urtero, Gabonetan eta udan, egoerak okerrera egiten duela ikusten dugu", azaldu dute antolatzaileek. Espezialistei dagokienez, urologian, Durangorako kontsulten bi heren kendu dituztela salatu dute. "Emaitza itxaron-zerrenda 3 hilabetetik 10era igarotzea da", kritikatu dute. Traumatologia arloan bizi den egoera ere gogoratu dute: "Ohikoa da urtebete baino gehiago itxaron behar izatea", argitu dute elkarretaratzean.