Durangaldeko gaztetxeen topaketa, okupazioaren aurkako "oldarraldiari" erantzuteko

E.H. 2025eko abenduaren 11

Ekitaldi bat Durangoko gaztetxean, Azokako egunetan. KALETIK GAZTETXERA

Zapatuan, eskualdeko gaztetxe eta gazte asanbladek topaketa egingo dute Durangoko gaztetxean.

Durangaldeko gaztetxe eta okupazio mugimenduko kideek topaketa egingo dute zapatuan, hilak 13, Durangoko gaztetxean. Hitzordua elkarrekin saretzeko baliatuko dute, "gaur egun bizi duten egoera politiko eta sozialari modu bateratuan erantzuteko". Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, hitzordua testuinguru zehatz bati lotua dago: "Oldarraldi orokor bat dago gaztetxeen eta okupazio mugimenduaren kontra, eta Durangaldean ere kezkagarria da egoera.  Zornotzako gaztetxea une batetik bestera hustuko dute, eta Durangokoaren etorkizuna ezjakina da", azpimarratu dute antolatzaileek.

"Loraldi berri bat"

Topaketa horien bidez, "ikuspegi kolektiboa" landu gura dute, "norberak bere herrian egiten duen lanetik" aterata. "Izan ere, gaztetxeen loraldi berri bat egongo bada, hori ez da izango bakarrik nork bere herrian egindako lanagatik, elkar saretzetik eta elkarri ikastetik baino", nabarmendu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!