[ARGAZKI GALERIA]: Kulturgintzako eragileen etenaldi jendetsua Palestinako genozidioaren kontra

Anboto 2025eko abenduaren 7a

Euskal Herriko sortzaileek eta Azokara etorritako bisitariek alde batera utzi dituzte salerosketak, eguerdi honetan. Ordu erdi batez, Landako Gunearen ondoan batu dira Palestinaren aldeko ekitaldia egiteko.

Asun Elorriagak eta Gotzon Gomezek zabaldu dute ekitaldia, parean Azokara etorritako bisitari eta sortzaile andana zutela. “Palestinako genozidioari ez esateko erabaki dugu gelditzea. Gelditzea, pentsamenduak mugitzeko. Gelditzea, ekintzak aktibatzeko. Ez zaituztegu bakarrik utziko. Kulturgintzatik ere zuekin gaude”, esan dute. 

Landako Gunearen barruan nabarmen igarri da etena. Jendetza desegin egin da, eta erakusmahaietan izarak zabaldu dituzte, standak itxita zeudela esateko. Halaber, hainbatetan Palestinako banderak eta mezuak izan dituzte erakusgai. 

Ekitaldian, Durangoko Hawari-Berriozabalgoitia ahizpa palestinarrek idazle herrikide baten olerkiak irakurri dituzte arabieraz eta euskaraz. Ekitaldia Esan Ezin taldearen zuzeneko kantu batekin amaitu dute. 

Etena 14:00etan hasi da, eta 14:30ean amaitu.  Bisitariak eta sortzaileak salerosketara itzuli dira atzera ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!